Musika euria baino gehiago da

Mikel Iraola 2018ko maiatzaren 26a

Musikherria eguna ari dira ospatzen Tolosan. Dozenaka musikari ibili dira kalez kale goiz osoan zehar, eta goizaldera arte iraungo du festak. 380 pertsona batu dira Zerkausian bazkaltzeko.

Kostata bada ere, atertu du. Goizeko lehen notak euri azpian jo behar izan dituzte, baina goizak aurrera egin ahala, eta gero eta talde gehiagoren doinuak entzun ahala, lainoak ezkutatu dira eta giro ederra izan da Tolosako kaleetan. Jakin badakigulako Tolosan musika euria baino gehiago dela.

Musikherria festaren aitzakian, 300 musikari inguru atera dira kalera: Dultzaina taldeak, Incansables txaranga, Isidro Larrañaga akordeoi orkestra, Hodeiertz abesbatza, musika eskolako ikasle taldeak, Laskorain Ikastolako Abesbatza, Udaberri dantza taldeko fanfarrea, Konponezinak txaranga... Uztaritzeko Herri Soinua elkarteko musikariak ere etorri dira. Eta hilabeteko azken larunbatetan ohitura denez, Tolosa Kantarik ere girotu du eguerdia.

Goiztiarrenek aterpea bilatu behar izan dute, baina eguerditik aurrera eguzkia atera da eta musika nonahi entzun zitekeen. Bazkaltzeko, berriz, 380 pertsona batu dira Zerkausian. Batutako dirua, Gautenari, Gipuzkoako Autismo Elkarteari, emango diote.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!