Egunero zabalduko dute Gure Esku Dago-ren denda

Ataria 2018ko mai. 25a, 15:32

2014ko giza kateak baino 75 kilometro gehiago izango ditu aurtengoak.

Gure Esku Dagok egunero irekiko du Tolosako Agintari kaleko 5. zenbakiko denda ekainaren 10eko giza katearen harira.

Ekainaren 10ean Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko ditu Gure Esku Dago-ren giza kateak. Izena eman daiteke jada eta horretan laguntzeko eskualde mailako denda ireki dute Tolosako Agintari kaleko 5. zenbakian. Egunero 18:00etatik 20:30era egongo da zabalik, eta larunbatetan mahaiak jarriko dituzte Tolosako Trianguloan edota San Frantziskon, 10:00etatik 13:00etara. Era berean, eskualdeko herri guztietan ari dira jartzen izena eman ahal izateko postuak.

Izena ematerakoan bost euro ordaindu behar dira eta zapi bat emango diote parte hartzaile bakoitzari. Era berean, giza katera joateko autobusak hartzera animatu nahi dute jendea herri dinamikatik eta horretarako aukera egongo da dendan. "Autobusean joanez gero antolakuntzatik bermatu dezakegu autobusek pertsona bakoitza utziko duela dagokion kilometroan. Autoz joaten direnek izango dituzte aparkalekuak, baina ez dakigu ziur non eta segur aski bakoitzari dagokion kilometrotik urruti egongo dira", esan du Jone Amonarriz GEDren bozeramaileak. Bi autobus egongo dira aukeran Tolosako kasuan, "horietako batek giza katea bukatuta bueltako bidea hartuko du eta bestea dagokion hiriburura bueltatuko da, hiriburuetako alde zaharretan jai giroa egongo baita", gaineratu du. Gainontzeko herrietan eurek aukeratu dute zein autobus zerbitzu eskaini.

Tolosaldeak ekainaren 10eko giza kateko 9 kilometro bete behar ditu Elgoibar eta Mendaro artean, 4.500 bat pertsona behar direlarik ibilbidea osatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!