Giza katea 2018

Giza katerako Tolosaldean 4.500 pertsona biltzeko erronka bota du Gure Esku Dagok

Mikel Iraola 2018ko mar. 17a, 21:30

Ekainaren 10ean Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko ditu Gure Esku Dagok antolatutako 201,9 kilometroko giza kateak. Horietatik 9 dagozkio Tolosaldeari. Gaur egin du ekimenaren aurkezpen ekitaldia, Leidor Aretoan.

2018ari beste erronka bat bota dio Gure Esku Dagok: EAEko hiru hiriburuak lotuko ditu, giza kate batek, ekainaren 10ean. Ibilbideak 201,9 kilometro ditu, eta ibilbidea osatzeko, zapiak tarteko 500 pertsona behar dira kilometro bakoitzeko.

Tolosaldeko herritarrek Mendaro ingurura joan beharko dute egun horretan. Guztira bederatzi kilometro beteko dituzte –Mendaro erdiguneko kilometroa bertakoek izango dute–, eta horretarako eskualdetik 4.500 pertsona mobilizatu behar dituztela kalkulatu du herri dinamikak. Beste zifra batzuetan esanda, 90 autobus edo gehiago beteko dira.

Giza katera joateko izen-emate epea zabaldu du dagoeneko Gure Esku Dagok. Datorren astetik aurrera, herri guztietan postuak jarriko dituzte, eta internetez saretzeko aukera ere jarriko dute. "Hala ere, ez biharko utzi gaurko egin dezakezuna. Komeni da lehenbailehen egitea, tokia ziurtatzeko", azaldu du Jone Amonarriz, dinamikako komunikazio arduradun tolosarrak. Boluntarioak ere eskatu dituzte.

Inoizko mobilizaziorik jendetsuena izango dela azpimarratu du Gure Esku Dagok, eta "testuinguruan eragiteko inoizko baldintzarik egokienak daudela" ere bai: "Giza kateak egin ditugu, estadioak bete, globoekin ibili gara, galdeketa burutu dugu... Eta 'aurten ere beste mobilizazio bat' pentsatuko dute askok. Urteroko konpromiso bat bilakatu balitz bezala Gure Esku Dagoren ekaineko hitzordua. Baina zerbait argi baldin badaukagu da aurtengoa inoizko handiena eta jendetsuena izango dela. Ia bost urtean egindako ibilbidea borobiltzea dagokigu eta honek ziklo berri bat zabalduko du", azaldu dute Tolosaldeko Gure Esku Dagoko Beñat Sarasolak eta Jone Amonarrizek berak.

Herritarron Ituna, bigarren jomuga

Bigarren helburu bat ere badu Gure Esku Dagok aurtengorako: erabakitze eskubidearen aldeko 2019 arrazoi bildu nahi dituzte, giza katearekin plazaratuko dituztenak. Horretarako, apirilaren 21erako hitzordua jarri du eskualdeko taldeak. Beotibar pilotalekuan elkartutuko dira, eta prozesu parte hartzaile baten bitartez, arrazoiak partekatuko dira.

Kolaboratzaile ugari

Gaurko ekitaldian eskualdeko hainbat pertsona ezagunek hartu dute parte. Nerea Aliasek eta Iñigo Otaegik gidatu dute saioa; Oinkari dantza taldeak emanaldia eskaini du, baita Tenpora musika taldeak ere. Amaia Agirre eta Haritz Mujika bertsolariek bina bertso abestu dituzte, eta Igor Estankona olerki errezitatzaileak beste bi olerki errezitatu ditu, Juantxo Zeberiok eta Ion Arruebarrenak musikaz lagunduta. Giltzarriako arduradunak eskertzeko ere baliatu dute gaurko ekitaldia. Jarraian errezitatu eta kantatutakoak:

Igor Estankona (I)

Nahiago nuke. Nahiago nituzke lotu Donibane Garazi, Errobi gaineko zubiak eta Baiona.
Nik ere nahiago nuke autonomikoa barik, balitz gurea mapa bat osoa bere euriarekin.
Bere izotzezko dindirriekin. Bere muga lausoekin.
Eta nahiago nuke aldarrikaturik balego, gure errepublika, ilusioen balkoitik.
Eta nahiago nuke eginda edukiko bagenitu, honezkoak gure artean.
Erretiraturik mehatxuak euren tasernetara, nahiago nuke euskara balitz gure arteko hizkuntza,
esateko, 'egunon, herri'.
Eta nahiago nuke gure esku ez balego ere, giza katerik ez balego ere,
jakinda zeinen itsusi geratzen zaizkigun gizakioi, kateak.
Eta hain justu, horregatik nago, gaur, hemen.

Igor Estankona (II)

Ez al zara zure buruari eskua ematen ari?
Eskua ematen diozunean, hasieran, aireari. Eta gero ur-jauziko lamiari.
Eta ur-jauziko lamiak prostitutari. Eta hark, hasieran aireari.
Eta gero, itsasontziko polizoiari. Eta itsasontziko polizoiak, gerra zibileko hildakoari.
Eta hark, hasieran aireari.
Eta hark, hasieran aireari. Eta gero, Gazako hospitaleko pedriatrari. Eta pediatrak, klasifikatu ez den bertsolariari. Eta hark, Alde Zaharreko karteristari. Eta karteristak, zirkuko lehoi nabarrari. Eta zirkuko lehoi nabarrak, kontuz-kontuz, XXI. mendeko esklabuari. Eta esklabuak libertoari. Eta libertoak, morfina programak dagoenari. Eta honek, hasieran dagoen aireari.
Eta gero, erdaldunari. Eta erdaldunak, zure alabari. Eta ez al zara ba, zure buruari eskua ematen ari, eskua ematen diozunean zure herriaren aniztasunari?

Hariz Mujika (I)

Ongi etorri Tolosaldea
Arratsalde hotz honetan
Ilusioa antzematen da
Leidor barruko hormetan
Gure Esku Dago lehengoa ta
Nahiz aldatu den formetan
Poztekoa da elkartu izana
Arrazoi beraren bueltan.

Amaia Agirre (I)

Erronka eta ametsen sare
Ez al da giza katea?
Eskuz eskuko buru jabetzak
Dakarren borondatea
Derrigorra da lortu nahi bada
Nazio bat izatea
Erabakimenen eskubidea
Herriari ematea.

Hariz Mujika (II)

Erabakimenen eskubidea
Eskatuz gabiltz luzaro
Baina hobe da hitzetatikan
Ekintzetara igaro
Inoiz nazio izatekotan
Lehen esan dezu klaro
Hemen herri bat behar da eta
Hemen herri bat badago.

Amaia Agirre (II)

Berrehun eta bi kilometrotan
Pausuz pausu, buruz buru
Tolosaldetik beharko batu
Bost mila lagun inguru
Galdera ikur ta parentesi
Ukazioak helburu
Egon bitez zain erantzunak ta
Giltzarria prest ditugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!