Arimaz orkestrak estreinakoz opera bat taularatuko du

Ataria 2018ko mai. 24a, 10:33

Tolosako Arimaz Kamera Orkestrak lehen aldiz opera bat taularatuko du, bihar, Leidor antzokian. 'Bastian eta Bastiana' euskaraz eskainiko dute, Kepa Martinez de Albenizek zuzenduta.

Tolosako Arimaz Kamera Orkestrak emanaldi berezia eskainiko du bihar, Leidor aretoan, 20:30etik aurrera. Hain justu Mozartek duela 250 urte lehen aldiz konposatutako Bastian eta Bastiana opera taularatuko dute, euskaraz Tolosako Musika Eskolatik sortutako taldearentzat opera bat egiten duen estreinako aldia da. Kepa Martinez de Albeniz zuzendariak azaldu duenez, tamaina txikiko opera da eurena, zarzuela bat.

Duela bi urte eginiko 10 urteko ospakizunen kontzertu sinfonikoarekin batera, Arimaz taldeak egingo duen lanik handiena izango da biharkoa. «Konplexua, baina hura kontzertu soila izan zen, eta honek kontzertu soilaz gain, opera batek dakarren guztia biltzen du, eta zaildu egiten du. Gidoi bat dauka, argiztapena, aktoreak,... eta azkenean konplexua da».

Baina, Martinez de Albenizek gehiago zehaztu nahi izan du: «Opera ez, baino zarzuela izango litzateke. Bien arteko ezberdintasuna opera batean ariak eta errezitatuak biak kantatu egiten dira, eta zarzuelan berriz errezitatuak hitz egin egiten dira, eta horiek izango dira euskaraz entzungo ditugunak. Ariak, berriz, bertsio originalean bezala alemanez mantenduko dira, baina itzulpena egongo da».

Ariak bakarlari batek orkestra batekin abesten dituenak izaten dira, eta narratzailearen papera ere sartu dute.

Eszena bakoitzean gertatzen dena paperean izango dute bertaratzen direnek, eta bestetik, Leidor aretoaren bi aldeetara proiektatuko dira itzulpenak. 

«Nekazal giro batean oinarritutako istorioa da, eta errezitatu beharrekoak itzuli egin behar genituenez, istorioa gaur eguneratzea erabaki genuen. Azkenean, dena etxe baten inguruan kokatu dugu. Ama eta semearen arteko liskar eta arazoen artean, eta internet bera ere sartu dugu. Bere garaiko artzain girotik gaurkorako zubia egin dugu». Bastianaren istorioa kontatuko da, eta sare sozialen eraginez Bastian semearen maitasuna galdu duela izango da gai nagusia.

Hamabi urte daramatza orkestra zuzentzen Kepa Martinez de Albenizek: «Orkestraren muina musika eskolatik ateratzen da, eta hezkuntza duela ezaugarritzat ezin dugu ahaztu. Didaktikoa da, eta ikasleei eta bertatik pasatako ikasle ohiei irakasleen laguntzarekin musika egiteko aukera ematea», dio. Horrek bultzatu ditu erronkak poliki-poliki aurrera eramatera.

Ikasleekin musika hau landu dute, eta «oso gustura» daudela nabarmendu nahi izan du: «Oso dibertigarria da, zuk zerorrek egiten duzulako ipuin hori», gehitu du.

30 PERTSONATIK GORA

Hiru pertsonaia nagusiak Arantxa Etxabe soprano donostiarrak, Aitor Garitano tenore bergararrak eta Eneko San Sebastian baritono donostiarrak interpretatuko dituzte. Katixa Pereari proposatuta bere hiru ikaslek ere dantza egingo dute.

Xabier Ormazabalek euskaratu du testu guztia, eta narratzaile-aktore lanak egingo ditu. Eta hauekin batera, orkestra osatzen duten 25-30 musikari igoko dira Leidorreko oholtzara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!