Jose Luis Gonzalez Maiz, Musika Eskolako logotipo lehiaketaren irabazle

Ataria 2018ko maiatzaren 24a

41 proposamen aurkeztu dituzte lehiaketan, eta Jose Luis Gonzalez Maiz donostiarrarena aukeratu du epaimahaiak, guztien adostasunarekin “garbia, xumea, bateragarria eta eskakizun guztiak betetzen dituena” delako. Aurkeztutako irudi guztiekin erakusketa bat osatu da Musika Eskolan.

Tolosako Eduardo Mocoroa Udal Musika Eskolak badu logotipo berria. Aukeraketarako lehiaketa antolatu zuen eskolak, eta hilabetez izan dute zabalik proposamenak jasotzeko epea. 

Guztira 24 partaideren 41 proposamen jaso dituzte: 12 emakume eta beste hainbeste gizonek egin dituzte irudi proposamenak, bakarka zein taldean, 20 urtetik hasi eta 65 urtetik gorako adin tartean. Parte hartzaileek erdia Tolosa eta Tolosaldetik aurkeztu dira, eta gainontzekoak, Gipuzkoatik eta baita atzerritik ere: Madril, Peru edota Venezuela.

Epaimahaia musika eskolako 2 ordezkarik, udaleko beste bik, eta diseinatzaile profesional batek osatu dute. Astelehenean bildu ziren, eta Jose Luis Gonzalez Maiz donostiarraren aldeko epaia eman zuten, bere proposamena “garbia, xumea, bateragarria eta eskakizun guztiak betetzen dituena” delakoan.

Honakoa da egilearen aurkezpena: “Argazki bakun, argi eta trinkoko logotipoa, identifikazio errazarekin, eta hainbat euskarri publizitariotara moldagarria. 'E' eta 'M' inizialen elkartasunaren bidez, logotipo hau formatu egin da, nota musikalen buruaren elementu integratzailearekin, eta Tolosako Udalaren arku karakteristikoekin”.

Patxi Amantegi alkateordearen eskutik jaso zuen saria egileak, atzo, Musikariaren barruan egin zuten perkusio kontzertuan. 400 euro eta lehiaketa irabazi duela dioen ziurtagiria jaso zituen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!