Jon Azaldegi izango da TAKEren entrenatzailea

Mikel Iraola 2018ko mai. 25a, 09:58

26 urterekin TAKEko lehen taldearen ardura hartuko du tolosarrak. «Erronka handia» dela aitortu du.

10 urteren ostean, TAKEko entrenatzaile izateari utziko ziola iragarri zuen Yon Gonzalezek denboraldi amaieran. Zuzendaritza segituan hasi zen ordezkoa bilatzen, eta dagoeneko lortu dute: Jon Azaldegi izango da gizonezkoen lehen taldeko entrenatzaile berria.

Azaldegik «ilusioz» hartu du ardura berria: «Entrenatzaile lana gustuko dut eta urtetan zehar pentsatu izan dut bidea egitea. TAKE saskibaloi munduan inguruan dagoen lehen taldea da, eta ilusioz nago», azaldu du.

Hala ere, entrenatzaile rola ez da berria izango tolosarrarentzat, 2007an klubean sartu zenetik harrobiko taldeen prestatzaile izan baita. Azken bi urteotan juniorren eta seniorren beste talde bateko gidari izan da.

Jokalari gisa ere ia hamarkada batez aritu da. 2008/09 denboraldian egin zuen debuta lehen taldearekin, eta EBAra igoera lortu zuen taldeko parte izan zen. Hurrengo denboraldietan ere paper garrantzitsua izan zuen. Duela bi urte erdizka osatu zuen denboraldia, lesio bat medio, eta arrazoi horrengatik erretiroa hartu zuen. Geroztik, entrenatzaile lanaz gain, klubean beste ardura batzuk izan ditu. «Ideia da lan horiek beste batzuen esku uztea eta nik denbora gehiago eskaintzea entrenatzaile lanari» gehitu du.

Erronka handia dela aitortu du Azaldegik: «Maila honetan entrenatzaile gisa arituko naizen lehen aldia da, eta prestatu egin behar dut». Hasteko, helburu bat jarri du, ilusioa sortzea: «3-4 urtera begirako proiektua jarri nahi dugu martxan. Helburu nagusia da urte horien ondoren jokalariek ilusioz jokatzen jarraitzea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!