«Nire aldeko apustua egin izana beti eskertuko diot TAKEri»

Mikel Iraola 2018ko mai. 23a, 08:02

TAKE-ko gizonezkoen lehen taldeko entrenatzaile izan da Yon Gonzalez tolosarra azken 10 urteetan. Denboraldia amaitu berritan postua uzten duela iragarri du.

Hamar urteko ibilbideari agur esan dio Yon Gonzalezek (Tolosa, 1986). Aurrera begira jarrita zalantza dauka: atsedena edo saskibaloia.

Amaitu berri da denboraldia; denboraldi eroa izan da.

Azken jardunaldian adibidez Tabirako bigarren zegoen. Igoera etxean jokatu behar zuen. Azken segundoan hiruko bat sartu zioten eta partida galdu zuten. Zortzigarren postura jaitsi ziren eta maila galdu zuten. Lau segundoren kontuan igoera fasea antolatzetik jaistera pasa dira. Egon den berdintasunaren adibide argi bat da.

Nola heldu zenioten zuek denboraldiari?

Gazteei aukerak eta minutuak ematea planteatu genuen denboraldi hasieran, eta ahal izanez gero igoera lortzea. Lander Lasa bezalako jokalari bat izatea luxu bat da, eta igoera begiratzea ekartzen du horrek.

Hasieran kosta egin zitzaizuen.

Ez da ahaztu behar iaz partida asko eta maila ere galdu genuela. Dinamika horri buelta ematea kosta egin zitzaigun. Berriro irabazteko gai direla barneratu behar dute jokalariek. Kosta zitzaigun mentalitate irabazle hori lortzea, baina behin lortuta, lehen itzulia lider amaitu genuen, 10-3 bukatuta.

Bigarren itzulian buruhausteak etorri ziren.

Arazo dezente izan ditugu: bai entrenatzeko, bai juniorrak lehen taldearekin egoteko edo baita lan ordutegiekin ere. Lesioek ere ez digute gauza erraz jarri. Eta horrela porrotak eta zalantzak iritsi ziren, normala den bezala. Aste Santuetatik hona lehen taldeko lau jokalari bakarrik izan ditugu. Bigarren taldeko jokalariekin eta juniorrekin osatu behar izan dugu taldea. Zorionez azken hauen liga gurea baino hilabete lehenago bukatu zen, eta horrek lagundu digu taldea osatzen.

Hala eta guztiz ere, aukerekin iritsi zarete amaierara.

Igoera fasetik kanpo geratu izana porrot bezala ikus daiteke kanpotik. Bigarren itzulian eduki ditugun zailtasun guztiak kontuan hartuta, nik balantze ona egiten dut. Saskibaloi ona egiten bukatu dugu eta gazteak hazi egin dira. Zentzu horretan pozik nago, lastima bi edo hiru partida azken segundoetan galdu izana. Irabaziz gero, momentu honetan igoeraz hitz egiten ariko ginateke.

Denboraldi amaierarekin batera etorri da zure agurra, 10 urte eta gero.

Beti eduki dut Jimmy eredu bezala. 19 urte egin zituen TAKE-ren lehen taldea entrenatzen. Beti esan dut, erdi serio erdi brometan, Jimmy-k baina urtebete gehiago egitean utziko nuela. Azkenean nekeagatik utzi dut gehienbat. Hasierako pazientzia ere ez daukazu 10 urte eta gero. Garbi zegoena zen taldeak beste bultzada bat behar zuela. Nire ustez erabaki honekin denak irabazten ateratzen gara.

Lehen taldean 10 urte, aurrez?

Klubean 13 urte pasa ditut. Entrenatzaile bezala hasi nintzenean klubak hiru talde besterik ez zituen: seniorrak, juniorrak eta infantilak. Infantil taldeko entrenatzaile hasi nintzen, 17 urterekin. Geroztik kluba asko aldatu da. Paper garrantzitsu bat eduki dudala uste dut eta harro nago klubaren bilakaeraz.

Lanaren ordaina izan da.

Argi dagoena da baliabide pertsonalak oso onak izan direla. Klubean dagoen jende bat zoragarria da, oso langilea eta gaitasun handikoa. Pertsona horiek klubean egongo ez balira ezinezkoa izango zen estruktura hori mantentzea, eta gainera, emaitza batzuk lortzea.

Gero egon dira saskibaloiari indarra eman dien beste hainbat gauza. Gipuzkoa Basketek duela 10 urte saskibaloiari bultzada handia eman zion, ACBra igo zenean. Haurrek erreferente horiek edukitzea oso garrantzitsua da.

Eta TAKE Saskibaloi Eskola sortzea bezalako erabakiak hartu zenituzten.

Azken urteetan hartu den erabaki onena eta garrantzitsuena izan da hori. Eskolak bultzada handia eman dio klubari.

Zerk sortu dizu ilusio gehien 10 urte hauetan?

Jokalari gazteak debutatzen ikusteak. Urte asko pasa ditut klubean eta gehienak txikitatik jarraitu ditut: klubean nola sartu diren, nolako bilakaera izan duten, eta azkenean, egindako lanarekin eta entrenatzaileen laguntzaz, saria nola jaso duten ikusi dut debut horretan.

Aste honetan Gipuzkoa Basket ikustera joan nintzen. Gaizka Maiza kantxan ikustea niretzat oso pozgarria izan zen. TAKE-ko harrobiko jokalari bat ACBn minutu garrantzitsuak jokatzen ikustea, harro egoteko modukoa da.

Arlo pertsonalean zerekin geratzen zara?

Niretzat oso garrantzitsua izan zen lehen taldeko entrenatzaile izateko aukera eman zidatenean. Esperientzia oso gutxi neukan eta klubak niregatik apustua egitea, pertsonalki asko baloratzen dudan zerbait da. Horrez gain, TAKE-n ezagutu dudan jendearekin geratzen naiz. Beti esaten dut TAKE izena ezin zela hobeto aukeratu: Tolosako Adiskideok Kirol Elkartea. Laguntasun horrek mugitzen du kluba. Hemen inor ez dabil diruagatik. Adiskidetasunagatik eta saskibaloiarekiko maitasunagatik dabiltza. Hori galtzen denean ez da ia TAKE izango.

Zure bizimoduaren parte bilakatu da TAKE.

Horri esker lortu dut Euskadiko selekzioetan aritzea, edo Gipuzkoakoan egotea. Gipuzkoa Basketekin Mini Kopara joan naiz. Espainiako txapelketak ere bizi izan ditut. Baskonia eta Bilbao Basketen Campus-etan egon naiz... Aukera horiek ez nituen izango aurrez norbaitek nire aldeko apustua egin izan ez balu TAKE-n. Esker ona erakutsi beharra daukat, bestela nire aldetik ez zen justua izango.

Nola ikusten duzu lehen taldearen etorkizuna?

Hausnarketa pixka bat egin behar duela uste dut. Segidan belaunaldi aldaketa dator. Beteranoei urte gutxi geratzen zaizkie, eta gazteak oso gazteak dira. Jarraipena nola eman pentsatu eta planifikatu beharko da.

Eta klubarena?

Anbizio puntu batekin eta baliabide berdinekin iruditzen zait oraindik eta emaitza hobeak lortzea dauzkala. Baina egia da TAKE-n emaitzek baino beste balore batzuk lehentasun handiagoa dutela. Etorkizun ona ikusten diot, baina horretarako baliabide pertsonal horiek jarraitu behar dute. Horiek gabe jarraipena zaila izango delako.

Zure etorkizuna zein izango da?

Ez daukat oso garbi. Alde batetik atseden hartu nahi dut, baina bestetik, saskibaloia asko gustatzen zait. Nork daki. Galdera hau irailean errepikatzekoa izango da.

Amaierako hitzak?

Eskerrak eman nahi dizkiet TAKE-ko jende guztiari, nire bizitzan pertsona klabeak izan direlako. TAKE beti izango da nire kluba, nahiz eta beste gauza batzuk egiten egon. Etorkizunean klubera itzultzea gustatuko litzaidake, haurrak entrenatzeko grina hori beti mantentzen baita barruan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!