"Ilusioz" aurkeztu dute TAK-eko trainerua

Ataria 2018ko mai. 19a, 13:46

Tolosaldeak badu bere trainerua, eta herritarren aurrean egin dute aurkezpena. Tolosako Trianguloa plazan izan dira trainerua eta arraunlariak, eta eskualdeko proiektu bat dela gogora ekarri dute arraunetan herrien izenak erakutsiz.

Duela zortzi urte sortu zuen TAK-ek trainerua, baina Tolosa izenean atera zen eta gero lau urte eman zituen Getariarekin bateratuta. Olatz Artola Apeztegia TAK-eko kideak azaldu duenez, "gaur aurkeztu da 2018ko trainerua, lehendabizikoz Tolosaldea izenarekin uretaratuko dena. Berriz ere gosea zegoen erronka honi eusteko eta gaur lehenengo pausoa eman dugu bide horretan". Guztira 25 arraunlari dira taldean, eta horri gehitu behar zaizkio entrenatzailea, entrenatzailearen laguntzailea eta TAK-eko kide guztiak.

Malen Oiartzabal tolosarra da arraunlarietako bat, eta denboraldia "ilusio askorekin" hastera doazela esan du. "Urte askotako lana da trainerua uretara botatzea. Nola 28 herrietara ezin dugu joan aurkezpena egitera, azkenean Tolosan egin dugu, bertan elkartzen garenez, eta Tolosan aurkeztu dugu 28 herrientzat". Aiora Sorozabal orexarra da beste arraunlarietako bat, eta berak gaineratu duenez, "aspalditik bizi nahi genuen esperientzia bat da. Batzuk gazteagoak gara, beste batzuk zaharragoak, eta denontzako aukera berri bat da."

Lehenengo urte honetan traineruaren erronka proiektuari "jarraipena ematea" dela esan du Oiartzabalek, eta "gozatu" nahi dutela, eta "pixkana etorkizuneko trainerua izateko lehen pauso sendoak ematea. Badakigu aurten goran ez garela egongo, baina pauso indartsuak ematen baditugu pixkana goraka joango gara, eta hemendik bi edo hiru urtetara zeinek jakin, hor ibili gaitezke goiko postuetan, eta ea trapuak iristen joaten diren Tolosaldera". Sorozabalek ere ildo beretik hitz egin du: "Aurtengo denboraldian ez goaz esaten den moduan Kontxa bat irabazteko asmoarekin, eskarmentuaren bila goaz eta gozatzen badugu horrekin irabazten dugu".

Joana Alijostes Zabala TAK-eko kide eta arraunlari ohiak azaldu duenez, "eskualdearentzat garrantzia handia" du trainerua ateratzeak. "Orain urte batzuk saiakera bat egin zen, eta ni ere bertan nengoen. Ez zen aurrera atera konplikazio asko zeudelako. Nik uste dut garrantzia handia duela eskualdeko herri askotako neskak egoteak, horrek afizioa sortzen baitu. Ez dela zerbait Tolosan bakarrik zabalduko dena izango, baizik eskualde mailakoa izango dela. Horrek askoz indar gehiago egingo du, eta eskualde mailan ere afizio handiagoa sortuko du, eta bultzada handiagoa izango du proiektuak".

TAK-etik eskertu dute eskualdeko udalen zein babesleen laguntza proiektuarekiko. Hain justu, hainbat udaletako ordezkariak ere izan dira aurkezpenean, eta argazkia ere atera dute traineruarekin. Bestalde, Alijostesek gogora ekarri du horrelako ekimenetan "dirua ez dagoela soberan. Kirol gehienetan bezala, gastu handia da traineru bat ateratzea. Barruko herri bat izanik are gehiago, kostaldera egin behar den bidaia guztiengatik, jende asko mugitu behar delako egunero beste herrietara". Hori horrela, herritarrek aukera dute ere laguntzeko proiektuan, bere ekarpen ekonomikoa eginez. "Guretzako oso garrantzitsua da laguntza hori guztia", esan du Alijostesek. "Eta denon laguntza horiek bihotz-bihotzez eskertzen ditugu".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!