Isastegi, sagardoari eta arraunari lotuta

Olatz Artola Apeztegia (TAK) 2018ko mai. 25a, 13:27

Lasa familia sagardogilea da. Argazkian, Mikel eta Joseba Lasa anaiak, aitarekin. MIKEL IRAOLA

Lasatarrena Isastegi sagardotegian hazitako familia da. Belaunaldiz belaunaldi transmititu dute sagardoarekiko maitasuna. Baina sagardotegiari lotuta ez ezik, arraunlari lotutako familia ere bada. Lotura horiez aritu gara Migel Mari Lasa Arostegirekin.

Tolosa arraunari lotutako herria ez da hamar urtetik hona soilik izan...

Garai batean Tolosako San Joan eguneko estropadek sekulako garrantzia izaten zuten eskualdean. 70 eta 80. hamarkadetan, besteak beste. Elkarteen arteko lehiak ikusmin handia sortzen zuten eta zortzi batel ere topa zitezkeen egun horretan Oria ibaian. Horien artean Aiz-Orratz elkartean Joxe Antonio Lasa anaia aritzen zen eta Arraun Lagunak elkartean Joxe Antonio Zubeldia koinatua. Batelak zein arraunak egurrezkoak izaten ziren baina 1980tik aurrera fibrazko arraunak ere hasi ziren Oria ibaira ailegatzen. Giro oso polita sortzen zen.

Lasatarrena, beraz, arraunari estuki lotutako familia izan da. Joseba eta Mikel semeak ere arraunlariak dira.

2005ean TAK kluba sortu eta berehala hasi ziren ibai ondora gerturatzen biak. Eta gu beraien estropadak ikustera joaten ginen, Kantauriko kosta guztia zeharkatu genuen. Lagunarte bikaina izaten zuten eta oso gustura ibiltzen ziren. Ondoren, trainerura egin zuten salto eta horretarako kosta aldera joan behar izan zuten, Getariara. Han urte batzuk egin zituzten. Gaur egun Mikelek arraunean jarraitzen du, San Pedron egiten du arraun, TKE ligan.

Eta Isastegi, 2005etik, TAKen babeslea izan da. Zergatik irizten diozue garrantzitsua herriko taldea laguntzea?

Ordura arte, aipaturiko elkarteek lehiatzea zuten helburu eta inguruko gazte trebeenak biltzen zituzten horretarako. Horri buelta eman zion TAK-ek eta Tolosaldeko gazte askori eman zion kirola egiteko aukera. Ez zioten inori atea itxi eta hori oso egokia iruditu zitzaigun. Gaur egun TAK erreferentea da Tolosaldeko kirol arloan, eta baita Kantauriko arraun kluben artean ere, gazteekin egiten duen lanagatik. Horren adierazgarri ere bada traineruetan goi-mailan dabiltzan Tolosaldeko neska-mutilen kopurua. Arrazoi horiez gain, ezin dugu ukatu arrauna betidanik gustatu izan zaigula.

Sagardotegiak ere, lehorrean egonagatik, itsasora guztiz lotuta daude.

Hori da, garai batean itsaso zabalera arrantzara joaten zirenean, itsasontzietan uraren ordez sagardoa eramaten zuten. Horrek badu bere azalpena, gainera: arrantzale horiek denboraldi luzeak igarotzen zituzten itsasoan eta uraren aldean sagardoa askoz hobeto kontserbatzen zen. Ura gaixotasun iturri bilakatu zitekeen; sagardoa, ez. Horrenbeste itsasgizon hiltzen zituen eskorbuto gaixotasuna, C bitamina faltak sortua, ez zen agertzen arrantzale hauen artean. Eta hori, sagardoari esker izan zen.

Sagardo denboraldia bukatzean hasten da arraun denboraldia. Zuena apirilarekin batera amaitu zen. Zelan joan da?

Egiari zor, ez gaude kexatzeko moduan. Jendeak ondo erantzun du eta gustura gaude. Bereziki Tolosaldea eta Goierriko jendea ibili da, bai astean zehar eta baita asteburuetan ere. Bezeroak gustura ikusi ditugu eta askok errepikatu egin dute, gainera! Hori seinale ona izaten da. Behin ere etorri gabeko jendea gerturatu dela iruditzen zaigu.

Urtetik urtera erantzun hobea izaten ari da martxan izaten dugun autobus zerbitzua. Eta, nola ez, Kalderero Egunean eta Inauterietan ez dute hutsik egin. Oso giro berezia izan dugu.

Txotx garaia bukatu arren, zuen lana ez da amaitu...

Ez, hau gurpil baten modukoa da, gauza bat amaitu bezain laster heldu behar zaio hurrengoari. Orain, bereziki sagardo ezberdinen artean aukeratu eta botilaratzean zentratzen gara, nahiz eta urte osoan zehar aritzen garen lan horretan.

Sagastiari ere arreta berezia jarri behar izaten zaio datorren uztari begira: inausketa lanak, belar mozketak, sagar-lore eta alearen etengabeko zaintza... Aurten, gainera, 1.700 landareko sagasti berria ere landatu dugu eta datorren urterako beste horrenbeste landatzea aurreikusten dugu.

Hala ere, udazkena izaten da sagardotegi bateko garairik lanpetuena: sagardoa egiteko garaia. Sagarraren heldutasun maila nahi den puntuan dagoenean, gure eta beste baserritarren sagastietatik sagarrak biltzen dira. Ondoren, sagar hauek txikitu eta prentsatu egiten dira muztioa lortu arte. Eta azkenik muztioaren fermentazioari jarraipen zehatza egiten zaio kalitatezko sagardoa lortu dadin. Prozesu horietan paraleloki aritzen gara Euskal Sagardoa (bertako sagarrarekin soilik) eta Gorenak sagardoa egiten. Eta, konturatzerako, berriz ere txotx denboraldia gainean izaten dugu.

Kupelatik edan eta gero botilatik edateko sasoia heldu da…

Txotx garaiko zeharkako helburu bat horixe izaten da, botilako sagardoa promozionatzea eta horrela Isastegiko esperientzia urte osora luzatzea. Horretarako bi aukera dauzkagu: Gorenak sagardoa eta Euskal Sagardoa, biak ala biak HAZI fundazioak kontrolaturiko kalitatezko markak dira.

Udaberri eta uda partean bezeroek egiten dituzten sagardo eskariak nabarmen handitzen dira, ondorioz, upategian prest dauden sagardoak hautatu eta hauek botilaratzen gabiltza buru-belarri une honetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!