«Tolosalde osoa traineruarekin identifikatzea lortu nahi dugu»

Erabiltzailearen aurpegia Asier Imaz 2018ko mai. 17a, 13:54

Sabino Alijostes (1955, Tolosa-Ibarra) TAK-eko presidenteak goitik behera biluztu du traineruaren proiektua, zalantza eta irtenbide guztiak agerian utziz modu garden batean.

Tolosaldea Arraun Klubak berriro ere trainerua aterako du. 2008ko esperientzia ez zen nahi bezala amaitu, baina indar berriekin ekingo diote bigarren saiakerari.

Azken urteetako galdera emakumeen trainerua noizko izan da. Hemendik aurrera: mutilen trainerua noizko?

Hori ia utopia bat dela uste dut; oso zaila. Eta ez da mutil faltagatik. Harrobian hor daude, eta kanpoan dabiltzanak ekartzen hasita izugarrizko trainerua edukiko genuke: Hondarribitik, Pasai San Pedrotik, Oriotik, Zumaiatik… baina oso zaila da.

Emakumeen trainerua berriz ateratzea ere oso zaila zen, batez ere, lehen esperientzia hura nola amaitu zen ikusita.

2008an Tolosaldea izenarekin atera genuen. Gero, Tolosaldea-Getaria izan zen ondorengo hiru denboraldietan. Mantentzea zaila zen, diruarengatik eta beste mila arrazoirengatik. Ezinezko zerbait bezala geratu zen, eta neskak talde desberdinetara joan ziren. Orain ere horrela dabiltza, San Juanen dena irabaziz, Orion, Donostiarran… bere bidea ireki dute.

Arraunlari horiek etxera ekartzea burutik pasa al zaizue?

Komentatu ere egin dugu, baina azkenean klubak ezetz erabaki du; behetik datozenekin hasi nahi dugu. 9-10 arraunlari etortzen baldin badira, hasieratik irabazteko moduan egongo ginateke, baina beste 10 arraunlari gazteri bidea mozten diezu. Hori ez genuen nahi, gure apustua aurkakoa baita. Ondo aterako den edo ez denborak esango du.

Traineruarekin eduki zenuten aurreko esperientzia gogorra eta neketsua izan zen. Nolatan bigarren saiakera?

Duela sei edo zortzi hilabete egin genuen batzar orokorra klubean. 17 bat elkartuko ginen bertan. Aukera mahai gainean jarri zen, eta hiru ezezko boto egon ziren, tartean nirea. Ez zen trainerua ez nuelako nahi, aurreko urteetako zailtasun horiek guztiak ezagutzen nituelako baizik.

Zenbat denbora behar izan zenuen batzarraren gehiengoa onartzeko?

Bilera bukatu eta prest nengoen. Gehiengo osoak argi hitz egin zuen, beraz, lanean hastea besterik ez zen geratzen.

Aurrez esana zenuen, trainerua ateratzeko hiru arazo nagusi zeudela. Bat, ekonomikoa.

Inork ez badu hutsik egiten eta ez baldin bagara dirua harrika botatzen joaten, teorian, urtea salbu dago.

Zeintzuk dira finantziazio bideak?

Hiru zutabe daude. Alde batetik, Tolosaldeko udalak. Tolosan izan arren egoitza, TAK Tolosaldeko kirol taldea da. Arraunlariak 28 herri horietakoak dira, eta guztietara joan gara. Hiruk bakarrik esan dute ezezkoa, txikienetakoak gainera. Beste guztien erantzuna oso ona izan da. Hala eta guztiz ere argi daukagu herri guztien izenak joango direla traineruan.

Hain zuzen ere arraunean.

Diseinua amaiturik dago. 13 arraunlari eta patroia joaten dira traineruan, hau da, 14 arraun. Alde bakoitzean herri baten izena jarriz gero, 28 ateratzen zaigu. Justu! Tolosaldeko 28 herriak. Horrekin batera zera azpimarratu nahiko nuke: harrobiko arraunlariak bakarrik dituen beste talderik ez dagoela ez Euskal Herrian, ez Kantabrian ez eta Galizian ere.

Zein da bigarren finantziazio zutabea?

Babesleak.

Bat handia?

Ez. Eta hori ez zaigu gustatzen gainera. Babesle handi batek izugarrizko arriskua dauka, hori ikusi dugu beste taldeetan. Urte batean bai eta bestean zero; eta orduan zer? Nahiago dugu lau edo bost babesle izan.

Hori ere lotuta al dago?

Bai, eta txapela kentzeko moduko jarrerarekin gainera. Isastegi Sagardotegia (Tolosa), Aterpea Mantenuak (Asteasu), Urdapilleta Euskal Txerriak (Bidania-Goiatz) eta Carnicas Ibarrak (Ibarra) ekonomikoki lagunduko dute. Euren zerbitzuekin, aldiz, Copy-Tek, Iñaki Arratibel medikuak eta Asier Arropak-ek. Noski, Zarautz Arraun Taldea ere ezin da ahaztu.

Eurekin lortu duzuen akordioaz ondoren hitz egingo dugu. Hirugarren zutabea falta zaigu.

Horiek laguntzaileak izango dira: norbanako herritarrak. 10 euro eta 20 euroko laguntzak emateko aukera izango dute. Ordainetan, 10 eurorekin laguntzen dutenek zapi bat jasoko dute, eta 20 eurokoek zapia eta TAK-en ikurrina berria. Kanpaina hau maiatzaren 19ko aurkezpen ekitaldiarekin batera jarriko da martxan.

Trainerua ateratzeko beste arazo bat, lanerako prest zegoen jendea zen.

Hori ere antolatuta dago. Entrenatzailea eta laguntzailea bertakoak dira, arraunlari guztiak bezala. Kanpotik norbait ekartzerik ez genuen ikusten, eta beti TAK-en egon direnekin kontatu dugu, baina ordainduta. Lau edo bost hilabete ia egunero Oriora joaten ibiliko dira, eta ordain bat jaso behar zutela ikusten genuen. Horiez gain, estropada guztietara joango den delegatua eta azpiegitura kontuak emango dituen lantaldea osatu dugu. Ondoren, horiei laguntzen gu bezalako jendea egongo da.

Lehen bi arazoak konponduta, entrenamenduena geratzen zaigu. Ibiur ezinezkoa denez, nola konpondu duzue hori?

Zarautzen laguntzarekin. Beraien egoitzan egingo ditugu entrenamenduak. Aian daude baina denok Orion esaten dugu.

Berriro ere Zarautz atera denez, akordioaz hitz egin beharko dugu.

Hemen inork ez du ezer oparitzen. Jendeak esaten digu, hori zortea izan duzuena Zarautzekin: egoitza, trainerua, arraunak, erremolkea… dena utzi dizuete. Eta horrela da, izugarri lagundu digute, baina akordio bat da eta ordainetan zerbait eman behar izaten duzu. Kasu honetan, gure mutilak Zarautzera joango dira. Aurten adibidez zortzi jubenil joango dira, eta baita kadeteak ere. Guk sobera ditugun arraunlariak falta zaizkie eurei. Hori da beraien arazoa, eta akordio honekin elkar laguntzen saiatuko gara.

Zarautzen harrobia, beraz, mutiletan, TAK izango da?

Hori da. Hiru urterako sinatu dugu hitzarmena, beste bi urtez luzatzeko aukerarekin. Laugarren urtetik aurrera, urtez urte luzatzen joateko aukera egongo da. Alderen batek hitzarmena hausten baldin badu, kalte- ordainak ordaindu beharko ditu.

Akordioarekin gustura zaudetela esan daiteke, ezta?

Bai, oso.

Behin etxe barruko lanak bideratuta, kanpokoak egitea tokatu zaizu. Hamabost bat bilera eginak dituzu emakumeen liga berrantolatu nahian. Nondik dator guztia?

Honen hasiera 2008an koka genezake. Nesken estropadak orduan sortu zituen Josetxo Etxeberriak, orduko Gipuzkoako Arraun Federazioko lehendakariak.

Eta zu ere tartean izan ziren.

Uztaila hasiera zen, eta ni oporretan nenbilen, kanpoan. Goiz esnatu eta egunkaria irakurtzen ari nintzen batean: telefonoa. Begiratu eta Josetxo Etxeberria. «Xabin, bai edo bai, eta ezin duzue ezetz esan, nesken trainerua atera behar duzue».

Uztaila hasieran.

Horrelaxe izan zen. Ni oporretan nengoela eta abar esanagatik alferrik zen. «Bai edo bai» izan ziren hitzak, nolabait fin esateagatik. Federazioan fitxak ikusten egon zela eta trainerua ateratzeko aukera gehien guk genituela, fitxa kopuruagatik. Bai, noski, trainerua, entrenatzeko lekua eta beste guztia ahazten baldin badugu horrela zen.

Baina amua jan zenuen.

Telefonoa eskegi eta Anjel Larrañaga Larra-ri deitu nion. Berak Oriorekin eta neskekin hitz egin ondoren baietz, aurrera esan zidan. Horrela hasi zen dena. Urte hartan, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak eta Kontxa jokatu ziren. Ondorengo urteetan, gaur egun ezagutzen dugun liga garatzen joan zen. Orain zer gertatu da? 12-14 traineru gaudela.

Eta zer egin horiekin?

Bilerak eta bilerak egin ditugu, eta mutilen adibidea jarraitzea erabaki da. Mutiletan hiru maila baldin badaude, nesketan bi egongo dira. Lehen mailan edo Euskotren Ligan, lau talde egongo dira, eta besteak bigarren mailan, mutiletan KAE-1 ligarekin batera.

Kirol maila eta taldeen arteko aldeak ikusita, lau hasteko egokia izan daiteke.

Nik bileran hori esan nuen, oraindik ez dagoela Euskotrenen zortzi talde egoteko maila. Beste aukera seiko liga egitea zen, eta hor bai ikusten nituela aukerak. Baina hiruko estropadak ez ziren ikusten, eta telebistak ere ez zuen hori nahi. Beraz, aurten, laukoa izango da. Gero ikusiko da.

Nola erabakiko da lau talde horiek zein izango diren?

Bi estropada jokatuko dira erabakitzeko, asteburu batean. Ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean. Bata ibaian eta bestea itsasoan. Ligaxka horretako lehen lau sailkatuak Euskotrenen ariko dira.

Aurrez estropadarik izango al da?

Liga aurretik lau estropada egongo dira, denboraldi-aurre moduan. Maiatzaren 12an, Donostiako Urumean, gipuzkoarren artean; ekainaren 2an, Mutrikun, 17an Portugaleten eta 23an Baionan, telebista eta guzti.

Ondoren hasiko dira ligak.

Eta izugarri estropada pila izango dituzte. Uztaila eta abuztuan, astebururo.

Irailean berriro talde guztiak elkartuko dira Kontxako Banderan. Ondoren, jaitsiera eta igoera erabakiko dira.

Hori da. Kontxa irailaren 2an eta 9an izango da. Hurrengo asteburuan, 15ean eta 16an, igoera eta jaitsierak erabakiko dira. Euskotren Ligako laugarrenak, bigarren mailako lehenak eta galiziarren lehendabizikoak bi estropada horiek jokatuko dituzte. Hiru traineru horietako irabazlea Euskotren ligan ariko da hurrengo denboraldian.

TAK-ek zer eskatzen dio traineruari?

Seriotasuna. Proiektu honen atzetik jende asko dago. Era batera edo bestera 28 herri daude, babesleak eta gu bezala lanean ari den jendea. Non ibiliko garen kirol ikuspegitik berdin dio, noski, ez dugu azkena ibili nahi, baina serio lanean ibili ondoren azkena geratzen baldin bazara, zer egingo dugu bada. Onartezina bestea izango litzateke, jolasean ibiliz azkena geratzea. Hala eta guztiz ere, esan beharra daukat, ez dudala uste azkena ibiliko garenik. Tripulazio gaztea da, baina arraunlariak dira, eta hori erakutsi dute. Seriotasuna da, beraz, eskatzen diegun bakarra, egin den lan guzti horrek errespetua merezi duelako.

Mutiletan arraunlari propioak, harrobikoak, fitxaketak eta kupoak aipatu izan ohi dira. Emakumeetan nola dago kontu hori?

Hori ere zehaztu da, kopuru batzuk jarriz. Gure arraunlari guztiak harrobikoak direnez ez gara kezkatu ere egin kopuruetan. Bai esan behar da, talde batetik bi arraunlari baino gehiago ezin direla fitxatu denboraldi batean. Hori horrela erabaki da talde bat urte batetik bestera hankaz gora ez jartzeko. Formazio eskubideak ere dirutan ordaindu beharko dira, eta hor kopuru bat jarri da. Gero bi elkarteen arteko adostasunak daude. Hori ia bi elkarteen arteko kontuak izango lirateke. Propioei dagokienez, mutiletan hiru urte baldin badira, nesketan bi izango dira.

Zuen filosofian eragin handirik ez dauka, beraz.

Guk harrobia utziko bagenu, bi edo hiru urtera trainerua desagertuko litzateke. Guretzat garrantzitsuena proiektuarekin identifikatuta egotea da, bai arraunlariak eta baita eskualde osoa ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!