«Gaur egungo gazteen gailuetan euskara ez dago modan»

Iñigo Terradillos 2018ko mai. 17a, 12:00

Galtzaundi Euskara Taldeak urteko lehen Sormenetik saioa egingo du larunbatean, eta Aiora Zulaika eta Joxe Mari Agirretxek parte hartuko dute, 11:00etatik aurrera, solasaldian.

Herrigintza, irrigintza eta sormena euskaraz izango dute hizketarako gaia Aiora Zulaika eta Joxe Mari Agirretxe pailazoek, Zerkausi azpian egingo den Sormenetik saioan. Galtzaundik antolatu duen urteko lehen saioa larunbatean izango da, 11:00etan. Bi artisten arteko elkarrizketa izango da.

Hogeita hamar urte pailazo ibilbidean. Nolakoa izan da?

Egia esan nik 20 daramatzat. Porrotx da taldeko beteranoa. Sorburua Lasarte Orian izan zuen 80. hamarkadan. Oso-oso herri erdaldun batean, haurren %80 A ereduan matrikulatzen zen. Euskararen erabilera oso-oso xumea zen. Olentzeroren inguruan festatxo bat egin nahian sortu zen. Egun baterako izan behar zuen hura nonbait polit atera zen eta... forma hartzen joan zen. Afizioa ofizio bilakatu zen arte. Hiru mutil gazte elkartu ziren taldea osatuz, eta gerora etorri ginen gainerakook.

Lasarteko egoera nola aldatu da ordutik?

Esango nuke euskararen bilakaera taldeak ezagutu duela, eta taldeak parte hartu duela. Eta oraintxe Euskaraldian gabiltzala, Ahobizi eta Belarriprest horiek euskararen maratoiaren inguruan Lasarte-Orian sortutako pertsonaiak eta kontzeptuak dira. Eta zortez guk ere oholtzaratu ditugu. Abesti bat ere eskaini diegu. Eta ekimen asko egin direnez Lasarten, euskararen egoera askoz hobea da. Gu sinistuta gaude, herrigintzatik lan polita egin daitekeela euskararen inguruan eta euskara ikur hartuta antzerkia taldeak, korua,... sortu ziren.

Aurrera egin du euskarak baina gurea bezalako eskualdean, erabilerak egin du behera. 

Nerabe eta gazteetan sumatzen da, adibidez, gaur egun darabiltzaten gailu eta iturrietan euskarak oso espazio murritza duela. Euskara ez dago modan. Guk ez badugu jarrarazten, ez dago modan. Facebook, Youtube, Instagram,... gazteleraz aritzen badira mingainera ere gaztelera etorriko zaie. Kontua ez da gaztetxoei motxila jartzea, kontua da begiak zabaltzea eta non ditugun ahulguneak eta indarguneak ikustea eta horrekin ekitea. Horretarako Euskaraldia aukera bat da, nolabait, esnarazteko.

Datu nahiko kezkagarriak kaleratzen dira. Euskal herritarren %11k irakurtzen ditu soilik euskarazko liburuak? 

Bai, egia da kezkatzekoa dela. Nahiz eta hor daukagun amildegia niri baikorra izatea gustatzen zait. Ekimen berriak sortzen dira non arnasa ematen zaion euskarari txikitasunetik.

Euskarazko sormenaz, irrigintzaz edo herrigintzaz ariko zarete. 

Herrigintzatik sortu zen taldea, eta herria eta gizartea aldatuko baditugu, herriak izan behar du partaide. Hortik gure herrigintzaren aldeko apustua, herri ekimenetatik eraldatuko dugu gure gizartea eta suspertuko dugu euskara. Badaude hor hiru hitz: herri, irri eta harro. Herrigintza, irrigintza eta harrogintza ere bai. Ez harrokeriaz, baino bai harrotasunez. Eta hortik doa modan ez egotearena. Gu euskal herritarrak gara, euskaldunak gara eta harro gaude eta harrotasunez egiten dugu gure hizkuntza txiki handi honetan. Eta solasean ariko gara herriak zer eman digun eta gu herriari zer eskaintzen saiatzen garen. Irria zer den, umorea zer den,...

Zer eman dizue herriak? 

Herriak, gizarteak eta egunerokotasunak hamaika gai eman dizkigu oholtzaratzeko. Inguruan pasatzen zaizkigun hamaika gertaeretatik edaten dugu, eta jarraian gure koloretako begietatik iragazi eta mezu itxaropentsuak ematen saiatzen gara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!