Pertsona bat atxilotu dute, Tolosan, trasteleku batean lapurreta egin duelakoan

Ataria 2018ko maiatzaren 16a

43 urteko pertsona bat atxilotu du Ertzaintzak, goizaldean, Tolosako trasteleku batean bizikleta bat eta beste hainbat ondasun lapurtzeagatik.

Goizeko 03:00etan izan da gertakaria, Tolosako Amarotz auzoan. Bizilagun batek eman dio abisua Ertzaintzari, gizon ezezagun bat eraikineko azken solairuko trasteleku batetik poltsak eta bestelako objektuak ateratzen ikusi baitu.

Agenteak segituan bertaratu dira, eta trastelekuaren sarraila puskatua zegoela ikusi dute. Ezkaratzaren kanpoaldean lapurtutako objektu ugari topatu dituzte, zuhaixka batzuen artean ezkutatuta.

Inguruak begiratzen ibili ostean, gorde nahian zebilen pertsona batekin egin dute topo ertzainek. Identifikatu egin dute, lapurreta egin duena bera izan delakoan, eta delituaren egilea bera izan dela onartu du. Halaber, lapurtutako gainerakoak non zeuden azaldu die agenteei.

Atxilotutako gizonezkoa Tolosako epaitegitik pasako da gaur.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!