Museoen Eguna, Gau Zuria eta Lore eta Landare azoka, batuta

Mikel Iraola 2018ko mai. 15a, 15:14
Argazkia: Tolosako Udala

Musika ikuskizunak, antzerkia, bisita gidatuak, azokak, museoen ate irekiak, merkataritzari lotutako egitasmoak... guztiek bat egingo dute, bigarren aldiz, maiatzaren 18an eta 19an.

Tolosako Udalak, Tolosaldea Garatzenek, Tolosa&Co merkatari elkarteak eta Topic Museoak bat egin dute, bigarren aldiz, Tolosa zuria loretan ospatzeko. Egitasmo honek Museoen Nazioarteko Eguna, Gau zuria eta Lore eta Landare azoka uztartzen ditu, asteburu osorako egitarau zabala osatuz.

Hiri ekonomiaren mahaiaren ekimenez jaio zen Tolosa zuria loretan, 2016an hasi zuten lanketari jarraituz. «Museoen Nazioarteko Eguna eta Gau zuria baliatuz, ekimen indartsu bat abiatzea pentsatu genuen mahaia osatzen dugun eragile guztiok», azaldu du Nerea Letamendia zinegotziak. 

Aurten bi eguneko egitaraua izango da, eta aipatutako sinergiei segida emanez eta herriko eragileekin duten harreman sareari erreferentzia eginez, Museo hiperkonektatuak. Beste ikuspegi batzuk. Beste publiko batzuk. leloa aukeratu dute.

Ostiralean, maiatzaren 18an, Museoen Nazioarteko Eguna eta Gau Zuria ospatuko dira. Topic museoak ateak zabalduko ditu, eta Tolosaldea Tour turismo bulegoak bisita gidatuak antolatuko ditu, gauerako, Alde Zaharreko historia eta misterioak azaltzeko asmoz. Gainera, Gau zuria dela eta, Tolosa&Co elkarteko dendak 22:00ak arte izango dira zabalik, eta ordu horietan gerturatzen diren bezeroen artean 150 euroko erosketa txekea zozkatuko dute. Gainera, Drakonia taldearekin suzko ikuskizuna izango da kalez kale.

Hurrengo egunean, larunbateroko azokaz gain, Lore eta landareen azoka izango da. Iaz bezala, Berdura Plazan egingo da, eta 13 postu izango dira –Patxi Izagirre-Montes, Jose Ignacio Eceiza, Peio Peña, Jose Insausti, Iñigo Azpiazu, Aranburu Mintegia, Gureak, Sustrai Mintegia, Zurlan, Sairu Loreak, Ortuberri, Urretabizkaia eta Guillen Mintegia–.

Azokarekin bat eginez, Gaztelako atean lorategi efimeroa irudikatuko dute. Aurten, Maria Cueto izango da artista gonbidatua. Adar eta lore ur-jauzi bat osatu du, eta haizearekin mugimendua izango du. Bere lanak museoetan erakutsi ohi izan ditu, eta kalean erakutsiko duen lehen aldia da. Zentzu horretan, «errespetua» eskatu die herritarrei Nerea Letamendiak: «Artelan honetan ordu askoko lana dago, eta egingo duenari errespetua eskatzen diet herritarrei», azaldu du.

Larunbat horretan bertan, San Isidro eguna ere ospatuko dute, atzerapenarekin bada ere, Udaberri dantza taldearen laguntzaz azokan bertan. Baserritarrei eskertzeko baliatuko dute eguna. Gauean, Gozategiren kontzertuarekin amaituko dira ospakizun guztiak.

Egitaraua

MAIATZAK 18 ostirala-Museoen Nazioarteko Eguna&Gau Zuria

10:00-01:00 Ate irekiak Topic museoan

17:00-22:00 Kontzertuak Tolosako Musika Eskolako ikasleen eskutik, Topic-en

20:00: Txotxongiloei buruzko argazki lehiaketako sari banaketa eta parte hartu duten argazkiekin osatutako erakusketaren inaugurazioa.

19:00-20:00: Boinas Elosegi erakusketara bisita gidatuak, Aranburu jauregian

20:00-22:00: Shopping white – Tolosa&Co-ko dendak irekita

20:30-21:10: Suzko ikuskizuna Drakonia taldearen eskutik; Gernikako Arbola, Lopez Mendizabal, Emeterio Arrese, Nafarroa etorbidean...Tolosa&Cok antolatuta

21:30 Alde Zaharrean gaueko bisita gidatua euskaraz (Tolosaldea Tour-eko bulegotik hasita)

22:30 Alde Zaharrean gaueko bisita gidatua gazteleraz (Tolosaldea Tour-eko bulegotik hasita)

23:30 Topic museoan gaueko bisita gidatu teatralizatua, helduentzako, Enkarni Genua txotxongilolariarekin eta Amaia Ruiz de Galarreta aurkezlearekin. Bisitak sorpresa izango du.

MAIATZAK 19 larunbata – Tolosa loretan eta Lore & Landare Azoka

9:00-14:00: Larunbateko Azoka Zerkausian eta Euskal Herria plazan

9:00-14:00: Lore eta Landare Azoka Berezia Berdura plazan

10:00-14:00 Ate irekiak Topic museoan

15:00-19:00 Ate irekiak Topic museoan

11:30-12:30: Boinas Elosegi erakusketara bisita gidatuak, Aranburu jauregian

16:30-19:30 BirZIklatu Merkatua – 2. eskuko merkatua Berdura Plazan

17:30-18:30: Boinas Elosegi erakusketara bisita gidatuak, Aranburu jauregian

17.00 -18:00 Haurrentzako marioneta tailerra Topic-en

19:00: Tolosako Musika Bandaren kontzertua, Zerkausian

22:30: GOZATEGIren kontzertua, Trianguloa plazan ,Tolosa&Cok antolatuta

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!