Mendebaldeko Sahararen egoeraren berri emanez

Ataria 2018ko maiatzaren 12a

Urtero antolatzen du Tolosaldea Sahararekin elkarteak Maiatza Borrokan ekimena, Mendebaldeko Sahararen egoeraren berri emateko. Horretarako, Trianguloan erresistentzia haima jarri dute, eta Amasahara erakusketa kultur etxean.

Fatimetu Zenan sahararrak azaldu duenez, "egitasmo hau antolatzen dugu gure kultura ezagutarazteko, gure tradizio eta ohiturak erakusteko". Erresistentzia haimaren esanahia ere azaldu du: "Haima guri definitzen gaituena da, azken 40 urteetan etxebizitza bezala izan dugulako, erresistentziarekin egunetik egunera lotzen gaituelako. Gure herrialdetik kanporatuak izan gara, eta errefuxiatu gisa gaude Argeliako kanpamentuetan, eta hor bizi dira saharar gehienak". Gaur egun hainbat errefuxiatuk etxebizitza duinagoetan bizitzeko aukera dutela esan du, baina badirela egunerokoan haimatan bizi direnak oraindik.

Gaur 19:00ak arte egongo dira erresistentzia haimarekin Trianguloan, eta, bestalde, kultur etxean Amasahara erakusketa ikusi daiteke. Bertan agertzen dira Tolosaldean antolatzen den aterpetxera udan etortzen diren haur sahararren argazkiak.

Hain justu, Bueltaka egitasmoa egingo dute maiatzaren 20ean, Berazubiko estadioan. Estadioari buelta bat emanez, euro bat jarriko du parte hartzen duenak. Bildutako dirua udan aterpetxean egongo diren haurren gastuei laguntzeko izango da.

Bestalde, Maiatza Borrokan egitasmoaren barruan, asteazkenean, maiatzak 16, Gaici Nah idazlearen El muro marroquí: La versión marroquí del apartheid liburuaren aurkezpena egingo da, 19:00etan, Tolosako Antxon Bandres Bidaiarien Txokoan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!