«Armak hartzeko nahia zapalkuntzak sortutako frustrazioarengatik da»

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko mai. 9a, 08:00

Fusiles o pintadas dokumentalak emango dio hasiera, bihar, Tolosaldea Sahararekin-ek antolatutako Maiatza Borrokan egitasmoari. Jordi Oriola da dokumentalaren egilea eta Anoetako emanaldian egongo da.

Sahararrak 42 urte daramatzate NBEak hitzemandako erreferendumaren zain. Urte asko dira errefuxiatuen kanpalekuetan irauten eta Mendebaldeko Saharako okupazioa pairatzen. Horren aurrean bi korronte nagusitzen dira; armak hartzearen aldekoak dira asko eta indarkeria gabeko borrokaren alde jarraitzekoak, beste asko. Hori islatu nahi izan du Bartzelonako Jordi Oriolak Fusiles o pintadas dokumentalean. Bihar ikusi ahal izango da, Anoetan, Maiatza Borrokaren barruan. Zuzendaria bera egongo da emanaldian.

'Fusiles o pintadas' dokumentalean, orokortuz, indarkeriarik gabeko borroka baten aldeko aldarria egiten duzue. Zergatik iruditu zaizue garrantzitsua ideia hori nabarmendu beharra?

Dokumentala egitera joan nintzenean, uste oker batekin joan nintzen. Pentsatzen nuen segur aski gazteek berriz ere armak hartu nahiko zituztela eta hortik pasatako edadetuek, aldiz, ez zutela horrenbesteko gogorik izango. Baina esperientzia bestelakoa izan zen; ia guztiek ikusten dute irtenbide bakar bezala arma bidezko borroka. Horrek hausnarketarako bidea ireki digu eta esan behar da, ideia hori desira gerrazale bat baino, 42 urteko zapalkuntzak sortutako frustrazioaren ondorio dela. Borrokaldi baten ondotik, elkarrizketa diplomatikoan daude orain, baina nazioartean ez zaie kasu askorik egiten. Egoera horretan badago herriak egiten duen indarkeriarik gabeko borroka bat eta mundu guztiak ezagutu beharko luke. Borroka horrekiko elkartasuna lortzeko aukera ere ematen du.

Kanpora begirako lana da, beraz?

Egia esan sahararrentzat ere bada. Bizi duten frustrazio hori gogorra da, baina kontuan hartu behar da pertsona batentzat 42 urte asko direla eta herri baten borrokarako, agian, ez dela horrenbeste. Ez badago lortzen denaren feedbacka, gailentzen ari den kontakizuna da ez daudela ezer lortzen ari, afera geldi dagoela, nazioartean ez ikusiarena egiten dutela... Batzuk uste dute armekin irabaziko dutela eta beste batzuk, berriz, uste dute irabaziko ez badute ere, horrela nazioarteko arreta bereganatuko luketela. Guk indarkeriarik gabeko borroka horrekin zer lortu duten erakutsi nahi izan dugu, ez hori bakarrik, eztabaida bat sortu nahi izan dugu ere, beti ere, errespetatuz Sahara herriak bere buruaren defentsan egunen batean armak hartzea erabaki dezakeela.

Dokumentala okupatutako lurraldeetan egin duzue, nola egin zenioten aurre Marokok jarritako mugei?

Ezkutuan sartu nintzen, Marokotik zazpi polizia kontrol pasa behar izan nituen, etxe batean hiru astez ezkutuan egon nintzen elkarrizketak egiten... Ez dugu dokumental historiko bat egin nahi izan, gaur egungo egoeraren inguruan hitz egin nahi izan dugu, bai errefuxiatuen kanpalekuetan eta baita okupatutako lurraldeetan ere. Baina, batez ere, okupatutako lurraldeetako errealitatea erakutsi nahi dugu. Mendebaldeko Saharan okupatzaileekin egiten dute topo egunero eta bertan zabaltzen da gehien indarkeriarik gabeko lan hori. Argelian lan egitea posible da eta badugu Saharako herriaren zati horrekiko harreman bat, baina lurralde okupatuetan zailagoa da. Marokok kazetariei, kooperazioan lan egiten dutenei, nazioarteko ikuskariei eta abar sarbidea galarazten die eta ondorioz, ez dugu horrenbeste ezagutzen. Horrekin batera, ia oharkabean, errefuxiatuen kanpalekuek protagonismo handiagoa izaten dute. Horrekin lortzen dena da, laguntza, batez ere, arlo humanitarioari lotzea. Laguntza horrek egon behar du, baina lortu behar dena da errefuxiatuen kanpalekuak ixtea. Kanpalekuak behin behinekoak izan behar dira.

Elkartasun politikoa lortu beharraz ari zara.

Elkartasun politikoa lortu behar da. Horrela lortuko baitugu Espainiak Saharan duen erantzukizuna betetzea. Ezin dugu ahaztu Espainiaren kolonia izan zela eta gaizki egindako deskolonizazio bat burutu zuela. Espainia, Frantzia eta AEBetako gobernuek Maroko babesten dute, baina, hala ere, ezin dute egoera justifikatu, hau da, ezin dute defendatu Morokok Mendebaldeko Sahara legitimoki okupatzen duela, nazioarteko legediak ez duelako ahalbidetzen. Saharako errefuxiatuak gureak dira, guk sortutako arazo baten ondorio dira, eta horregatik du berebiziko garrantzia Espainiak gaiari heltzea.

 

MAIATZA BORROKAN

Bihar, maiatzak 10

  • 18:30. Fusiles o pintadas dokumentala, Anoetako udaletxean.

Maiatzak 11 eta 12

  • Egun osoz. Erresistentzia Haima Tolosako Trianguloa plazan, Gdeim Izik gure gogoetan lelopean.
  • Egun osoz. Amasahara argazki erakusketa Tolosako kultur etxean.

Maiatzak 16

  • 19:00. Gaici Nah idazlearen El muro marroquí: La versión marroquí del apartheid liburuaren aurkezpena, Tolosako Antxon Bandres Bidaiarien Txokoan.

Maiatzak 20

  • 09:30-13:30. Berazubin Bueltaka ekimena. Saharar haurrak udan aterpetxeaz goza dezaten ahalbidetzeko ekimena. Buelta bakoitzeko euro bat bilduko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!