10 minutu ero, poza gero

Ataria 2018ko maiatzaren 8a

Guijarro, bigarren golegilea, pasa den astean Hernaniren aurkako norgehiagokan.

Tolosak estu eta larri irabazi dio Vasconiari, 1-2; hiru golak azken 10 minutuetan iritsi ziren. Aurkari nagusiek ere ez dute hutsik egin eta sailkapena berdin mantentzen da.

Asteburuan disgustu bat jasotzeko zorian izan zen Tolosa. Teorian neurketa erraza zirudien. Vasconia, azken aurreko sailkatuaren zelaian jokatu behar zuten urdinek, baina maila honetan ez dago ezer irabazita jokatu aurretik. Eta argi geratu zen edonork edonori irabazi dakiokela.

Donostiarrentzat mailari eusteko aukera bakarra neurketa hori irabaztea zen, eta ez zituzten gauzak erraz jarri. Ausart zelairatu zen etxeko taldea, eta haien aldekoak izan ziren gol aukerarik onenak. 35. minutuan, esaterako, langarekin topo egin zuten. Tolosarrak, ordea, sendo izan ziren defentsan.

Asko zegoen jokoan Puion, eta ez bata ez bestea ez zegoen konforme huts eta hutsekoarekin. Azken 10 minutuetan goitik behera aldatu zen neurketa, erasora jo baitzuten bi taldeek. 

Tolosa izan zen saria topatu zuen lehena: Bereziartuak aurretik jarri zituen tolosarrak 83. minutuan. Bost minutu beranduago, 88.ean, Martinek berdinketa itzuli zuen markagailura. Kolpe horri segituan eman zion buelta Avellanedaren taldeak, Guijarrok bigarrena egin baitzuen minutu bat beranduago. 1-2, saria Tolosarentzat, eta jaitsiera Vasconiarentzat. 

Hiru neurketa besterik ez dira falta denboraldia amaitzeko, eta aurkariek ez dute hutsik egin oraingoan ere. Ordiziak Mondraren aurka 3-0 irabazi zuen, eta Pasaiak 1-4 hartu zuen mendean Hondarribia. 

Asteburuan, Añorgaren aurka jokatuko du Tolosak, Berazubin. Ordiziak Hondarribiaren aurka neurtuko ditu indarrak, eta Pasaiak, berriz, Mutrikuren aurka etxetik kanpo. Ea ba oraingoan.

Pos.   Taldea Puntuak JP IP BP GP EA AT KT 
1    ORDIZIA K.E. 66   31   20   6   5   0   69   17  
2    TOLOSA C.F. 63   31   19   6   6   0   63   29  
3    PASAIA K.E 63   31   19   6   6   0   54   31  
4    HERNANI C.D. 61   31   18   7   6   0   57   21  
5    ZARAUTZ K.E. 55   31   17   4   10   0   52   36  
6    MONDRAGON C.F. 53   31   15   8   8   0   45   30  
7    BERGARA K.E. 51   31   14   9   8   0   44   29  
8    AMAIKAK BAT K.E. 43   31   12   7   12   0   46   44  
9    ARETXABALETA K.E. 41   31   10   11   10   0   33   30  
10    MUTRIKU F.T. 41   31   11   8   12   0   53   46  
11    REAL UNION CLUB SAD 40   31   11   7   13   0   35   35  
12    BETI GAZTE K.J.K.E. 37   31   10   7   14   0   40   50  
13    OIARTZUN K.E. 36   31   9   9   13   0   35   37  
14    AÑORGA K.K.E 34   31   8   10   13   0   37   45  
15    HONDARRIBIA F.E 33   31   8   9   14   0   37   53  
16    UROLA K.E. 28   31   6   10   15   0   34   53  
17    VASCONIA C.D. 22   31   5   7   19   0   41   67  
18    TOURING C.D. 3   31   0   3   28   0   11   133  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!