Agurrak emaitzak baino pisu handiagoa duenean

Mikel Iraola 2018ko mai. 7a, 11:06

Irabazi arren, Tolosa Eskubaloiak ez du igoera fasea jokatuko, Anaitasunak ez baitzuen hutsik egin. Neurketaren ondoren eskubaloia uztea erabaki duen Aitortxori omenaldi beroa egin zioten.

Akabo igoera fasea bigarren aldiz jokatzeko ametsa. Tolosa Eskubaloiak hirugarren postuan amaitu du liga, eta badirudi motz egin zaiola, azkenaldiko bolada ona ikusita. Auskalo zer gerta zitekeen neurketa gehiago baleude jokatzeke.

Tolosak azkenera arte baliatu ditu bere aukerak, eta larunbatean bere esku zegoena egin zuen, irabaztea. 32-25 garaitu zuten Elgoibar. Lehen zatia orekatua izan bazen ere, bigarrenaren hasieran tartea zabaldu zuen Noguesen taldeak, eta segituan puskatu zuten norgehiagoka. Bi jubenil kantxan zeudela amaitu zuen partida Tolosak, etorkizuneko zimenduak egonkortzen ari denaren lekuko.

Behin neurketa amaituta, Zaragozako neurketari begira ziren batzuk. 5 minutu falta ziren amaitzeko, baina ez zen berri onik iritsi: Anaitasunak ez zuen hutsik egin: 28-32. Horrenbestez, puntuz berdinduta amaitu dute bi taldeek, baina averagea nafarren aldekoa zenez aurretik geratu dira.

Agur beroa Aitortxori

Zaragozara begira bai, baina une berean Usabalgo kantxan zegoena garrantzitsuagoa izan zen, ordea, jokalari, klubeko ordezkari eta zaleentzat. Bost urtez Tolosan aritu ostean, Aitortxok eskubaloia utziko zuela iragarri zuen berriki, eta omenaldi beroa jaso zuen.

Eskerrik asko Aitortxo idatzita zuten kamisetak jantzi zituzten jokalariek, eta guztiek sinatutako taldeko kamiseta bat oparitu zioten. Zaleak ere denbora luzez aritu ziren txaloka.

Bost urteak "ikaragarriak" izan direla nabarmendu zuen Aitortxok: "Nagoen lekuan nagoela, beste urdin bat gehiago izango naiz, taldea animatzen".

Euskal Kopara begira

Denboraldia ez da amaitu Tolosarentzat. Liga amaitu arren, maiatzaren azken asteburuan Euskal Kopako finalaurrekoa jokatuko du, Hondarribian. Larunbatean Bidasoaren aurka neurtuko dituzte indarrak, eta borrokatzeko asmoarekin joango direla aitortu dute klubetik. Irundarrei irabaziz gero, hurrengo egunean finala jokatuko lukete, Ereintza eta Zarautzen arteko irabazlearen aurka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!