Laskorain, txapeldun!

Mikel Iraola 2018ko mai. 5a, 20:17

Denboraldia amaitzeko bi jardunaldi falta diren arren, San Jorgeri 10-1 irabazita, liga eskuratu du Laskorainek. 2.B mailara igotzeko txartela ere lortu du, baina orain bulegoko lanak hasi beharko ditu igoera ziurtatzeko.

Txapeldun da Laskorain. Bi puntu behar zituen txapelketa irabazteko, eta Urruzolaren mutilek ez dute hutsik egin. Erraz irabazi dute San Jorgeren aurka: 10-1.

Lehen zatiko hasiera oso orekatua izan da. Bizkaitarrak sendo aritu dira atzealdean, eta horitxoek ez zuten aurkariaren ate ingurura hurbiltzea lortzen. Lehen zatiaren erdi aldera Kattak 1-0ekoa jarri du. Golak indarra eman dio etxeko taldeari, eta hortik gutxira Ezkerrok 2-0ekoa egin du. Ia jarraian, beste gol bat egin du, ederra gainera. Atea bizkarrez bazuen ere, biratu ahala sekulako astindua eman dio baloiari eta zutoinaren ondotik barrua joan da. Atsedenaldira joateko minutu gutxi falta zirela, Juaristik 4-0ekoa lortu du falta bikoitz bat baliatuz. Santurtziarrek ez dute apenas arriskurik sortu Alexen ate inguruan.

Nahikoa tarte bazuen ere, horitxoak ez dira lasaitu, eta indartsu atera dira bigarren zatian. Minutu gutxiren buruan hiru gol egin dituzte, eta neurketa erabakita utzi dute. Santurtziarrek ere sartu dute gola, errebotez, eta harmailak txalotu egin ditu bizkaitarrak. Neurketaren azken hondarrean Vazquezek sartu du azken gola: 10-1.

Eta jokalari eta zaleak pozarren. Gainera, taldearen deialdiarekin bat eginez, jende ugari bertaratu da Usabalera, eta giro bikaina izan da. Sarreran kamiseta horiak oparitu ditu taldeak, kolorea emanez.

Bulegoko lanak hasi behar

Txapeldun izateaz gain, 2.B mailan jokatzeko eskubidea ere irabazi du Laskorainek. Horretarako, baina, bi oztopo gainditu beharko dituzte tolosarrek. Alde batetik, alor ekonomikoa dago. Diru gehiago lortu beharko du. Bestalde, maila horretan entrenatu ahal izateko entrenatzaile titulua duen norbait topatu beharko du, eta ez dirudi gauza erraza. "Jokalariak ilusioz gaude, maila horretan jokatu nahi dugu. Eta uste dut lortzeko moduan izango garela", aitortu du Beñat Balerdi kapitainak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!