[GUTUNA] Tolosako Kuadrilla Eguneko batzordearen oharra

Tolosako Kuadrilla Eguneko batzordea 2018ko mai. 3a, 12:07

Poteo Vidilla B taldeak Tolosako Kuadrilla Egunaren harira argitaratutako gutuna dela eta, argipen batzuk egin nahi ditugu egun hori antolatzen ari garen kuadrillok; ez polemika handiagoa sortzeko, baizik eta gertatutakoari buruzko azalpenak emateko.

Kuadrilla Eguna zein egunetan egin, iritzi desberdinak jaso ditugu aurreko asteetan: 23an egitearen aldekoak ziren batzuk, eta besteak, 16aren aldekoak. Bakoitzak zituen bere argudioak, zilegi diren argudioak. Batzorde antolatzaileari dagokio egitaraua prestatzea, baina, egoera ikusita, kontraste bat egitea erabaki zen: kontsulta bat, ikusteko zein iritzi giro den nagusi. Ez zen, beraz, erreferendum bat: tresna bat zen, antolatzaileei erabakia hartzen laguntzeko. Ez zen zentsurik, hauteskunde mahairik eta nazioarteko begiralerik erabili: kontraste ariketa bat zelako, ez erreferendum lotesle bat. Emaitzak ikusita eta egoera aztertuta, 16an jartzea erabaki du batzordeak. Hala adierazi zitzaien berehala udalari eta festa batzordeari.

Deigarri egin zaigu kuadrilla horren kexa orain iritsi izana: kontsulta iragarri eta sei astera, bozketa epea amaitu eta hilabetera. Orain arte izan da denbora kezkak eta desadostasunak agertzeko, eta kuadrilla hori ez da harremanetan jarri batzorde honekin, eta atzo arte ez da agertu festa batzordeko bileretara. Hortaz, ulertu beharko dugu desadostasuna orain sortu zaiola: nahi ez zuen eguna aukeratu denean. Zilegi da, noski, egun baten edo bestearen aldeko hautua egitea, baina ez zaigu bidezkoa iruditzen norbere komenientziaren arabera erabaki bat horrela zapuztu nahi izatea.

Beste akusazio bat ere egin dute gutunean: “sanjoanetako ohiturak ez errespetatzea” leporatu digute, eta diote “beti, beti, beti” egin dela Kuadrilla Eguna sanjoanetako larunbatean. Hori ez da egia: ez da “beti, beti, beti” hala egin. Eta ez dugu uste aurten eguna 16an egiteak ezbaian jartzen dituenik “sanjoanetako ohiturak”. Areago, jaiak eta ohiturak egokituz joaten dira –Tolosan ere hala izan da–, eta ez da inolako hondamena, aurrerabidea baizik. Badakigu beste herri batzuetan “betiko festak” aldarrikatzeak zer ondorio ekarri dituen. Ez genuke hori nahi guretzat.

Azkenik, udalari begira jarri da kuadrilla hori, eta “aurpegia emateko” eskatu dio “festen antolatzaile” gisa. Gogoan izan behar genuke Kuadrilla Egunaren antolakuntza kuadrillon esku dagoela, eta, hain justu ere, hori dela egun honen arrakastaren gakoetako bat: kuadrillek antolatzen dutela, kuadrillentzat, udalaren babesarekin. Uste dugu udala tartean sartzeko egindako dei horrek ezbaian jartzen duela Kuadrilla Eguna antolatzeko autonomia, eta hori oso kaltegarria litzateke.

Hilabete eta erdi falta da Kuadrilla Eguna iristeko, eta lanean ari gara ahalik eta egun onena izan dadin. Laster izango duzue gure berri. Gora Tolosako Kuadrilla Eguna!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!