Hiru tolosar, euskal selekzioan

Ataria 2018ko maiatzaren 2a

Urko Zubeldia, Xanet Zufiria eta Marcos Sukia tolosar gazteek areto futboleko Espainiako Txapelketa jokatu dute, Euskal Selekzioarekin, Kantabrian.

Euskal selekzioak 5. postuarekin biribildu du bere parte hartzea txapelketa honetan. 14 lurraldetako selekzioak bildu ziren Kantabrian, eta euskaldunek Katalunia, Melilla eta Balear Uharteak izan zituzten aurkari lehen fasean.

Kataluniarren aurka jokatu zuten lehen norgehiagoka, eta 8-2 galdu zuten euskaldunek, gerora txapeldun izan zirenen aurka. Beste bi neurketak, berriz, aise irabazi zituen euskal selekzioak: 9-3 Melillaren aurka eta 7-2 Balear Uharteen aurka. Hortaz, bigarren postuan amaitu zuten ligaxka.

Hurrengo kanporaketan, berriz, 4-0 galdu zuten Valentziaren aurka eta horrenbestez, 5. postuan amaitu zuten txapelketa.

Selekzioak haurren portaera txalotu du, kontutan izanda, gainera, gainerako selekzioek urte osoan izan direla txapelketa prestatzen, eta euskaldunek azken bi asteotan egin behar izan dutela prestaketa, federazioak orduan eman baitzien baimena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!