Hirugarrenean izango da

Ataria 2018ko api. 30a, 15:04

Tolosak eta Hernanik hutsean berdindu dute Berazubin, eta puntu bat jan dio Ordiziari. Pasaia, ordea, lehia betean sartu da, eta urdinak harrapatu ditu sailkapenean.

Gazia edo gozoa. Galdutako aukera edo neurketa erabakigarri batean atzerapausorik ez egitea. Balantzari nondik begiratzen zaion. Ordiziaren porrotaren ondoren, Hernaniri irabazita aurrerapauso handia eman zezakeen Tolosak, baina galduz gero oso zail jarriko lioke bigarren postua bera ere. Eta noski, bi aukeren pisua aztertuta, berdinketarena ez zen txarrena. Bada, orekan mantendu da balantza: hutsean berdindu baitute Tolosak eta Hernanik.

Asko zegoen jokoan Berazubin. Irabazteko gogoa bai, baina handiagoa zen ez galtzeko nahia. Eta hori nagusitu zen ia 90 minutuetan. Aukera gutxiko norgehiagoka izan zen: borrokatua, trabatua eta orekatua.

Bi taldeei jokoaren ardura hartzea kosta zitzaien, eta geldikako jokaldien bidez hurbiltzen ziren gehienbat aurkariaren atera. Hernanik, esaterako, 15. minuturako bost korner izan zituen bere alde, baina tolosarrak sendo aritu ziren defentsan, aukerarik eman gabe. 

Lehen zatiak ez zuen askorik eman. Bigarrenean, berriz, emozio gehiago izan zen. Atsedenaldiaren ondoren, Avellanedak Arrieta eta Guijarro sartu zituen zelaian, eta erasoan freskotasuna eman zioten Tolosari. Ezker hegaletik iritsi ziren urdinen jokaldirik arriskutsuenak, baina erdiraketek ez zuten errematatzailerik topatu. Bereziartuak ere pare bat aukera izan zituen, baina hernaniarren atezainak bikain alderatu zituen.

Talde bakoitzak gol bana egitea lortu zuen, –65. minutuan Hernanik, eta 10 minutu beranduago Tolosak– baina epaileak baliorik gabe utzi zituen biak, jokoz kanpokoagatik. Hernaniarrek asko eztabaidatu zuten erabaki hori beren golean. Rubenek ere geldiketa bikaina egin zion ate aurrean bakarrik geratu zen Hernaniko aurrelariari. Eta eskerrak.

Berdinketa ez zitzaion komeni Hernaniri, eta garaipenaren golaren bila joan zen azken minutuetan. Arrisku gehien, ordea, Tolosak egin zuen. Atzean espazio gehiago utzi zituzten hernaniarrek, eta hori baliatu zuen etxeko taldeak kontraerasorako. Bazirudien gola gertu zegoela, baina ez zen iritsi: 0-0.

Tolosa ez da, horrenbestez, liderrarengandik puntu bakarrera jarri, baina bigarren postuari eutsi dio. Egia da, Ordiziaren eta Hernaniren aurka berdindu egin du etxeko azken bi neurketetan, baina aurtengo lehia horren estua izanda, ateratako puntu bakoitzari ere dagokion balioa ematea garrantzitsua da, inoiz ez baita jakiten zenbaterainoko garrantzia izan lezakeen-eta horrelako puntu batek. Bi aukera on izan ditu oso gertu jartzeko, eta ez du lortu. Hirugarrenean –hirugarrenik bada– izango da, aurkarien egutegiak ere ez direlako batere errazak.

Pos.   Taldea Puntuak JP IP BP GP EA AT KT 
1    ORDIZIA K.E. 63   30   19   6   5   0   66   17  
2    TOLOSA C.F. 60   30   18   6   6   0   61   28  
3    PASAIA K.E 60   30   18   6   6   0   50   30  
4    HERNANI C.D. 58   30   17   7   6   0   51   21  
5    MONDRAGON C.F. 53   30   15   8   7   0   45   27  
6    ZARAUTZ K.E. 52   30   16   4   10   0   51   36  
7    BERGARA K.E. 50   30   14   8   8   0   43   28  
8    AMAIKAK BAT K.E. 42   30   12   6   12   0   45   43  
9    MUTRIKU F.T. 41   30   11   8   11   0   53   45  
10    ARETXABALETA K.E. 40   30   10   10   10   0   32   29  
11    REAL UNION CLUB SAD 39   30   11   6   13   0   35   35  
12    BETI GAZTE K.J.K.E. 36   30   10   6   14   0   39   49  
13    OIARTZUN K.E. 35   30   9   8   13   0   34   36  
14    HONDARRIBIA F.E 33   30   8   9   13   0   36   49  
15    AÑORGA K.K.E 33   30   8   9   13   0   36   44  
16    UROLA K.E. 27   30   6   9   15   0   34   53  
17    VASCONIA C.D. 22   30   5   7   18   0   40   65  
18    TOURING C.D. 3   30   0   3   27   0   11   127 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!