Azkenera arte itxaron beharko du Tolosa Eskubaloiak

Ataria 2018ko api. 30a, 09:49

Tolosak 26-29 irabazi du Barakaldoren kantxan, baina Anaitasunak ez du hutsik egin eta azken jardunaldian erabakiko da norentzat izango den bigarren postua.

Iruñeko neurketan pentsatzen pasa zuten atzo goiza Tolosa Eskubaloiko jokalari, entrenatzaile eta zaleek. Larunbatean etxeko lanak egin zituen talde urdinak, Barakaldori irabazita, eta Anaitasunak berdindu edo galduko zain izan ziren atzokoan. Ez zen, ordea, horrelakorik pasa.

26-29 irabazi zuten tolosarrek Barakaldon, baina uste baino gehiago izerditu behar izan zuten garaipena poltsikoratzeko. Izan ere, neurketa bide onetik hasi zen: 11. minuturako 3 goleko errenta lortu zuen Alex Noguesen taldeak, 2-5.

Hortik aurrera, ordea, trabatu egin ziren urdinak, eta etxeko taldeak bi esklusio izan zituen arren, ez zuten golik lortu, eta hori aprobetxatu zuten bizkaitarrek 16. minutuan markagailua berdintzeko: 5-5. Eta bi minutu beranduago aurretik jarri ziren, 7-6. Atsedenaldira iritsi artekoa joan-etorri askokoa izan zen. Aldageletara 12-10eko emaitzarekin joango zirela zirudienean, Ioritz Goikoetxeak 11. gola sartu zuen tolosarrentzat, eta gol bakarreko desabantailarekin amaitu zen lehen zatia.

Bigarren zatiko hirugarren minutuan lortu zuen berdinketa Tolosak, 13-13, eta hortik gutxira aurretik jarri zen. Behin aurretik jarrita, urdinek ez zieten aukerarik eman bizkaitarrei. 2-3 goleko tartea mantendu zuten ia denbora osoan. Bigarren zatiko 13. minutuan gol bakarrera hurbildu zen Barakaldo, baina horixe izan zen gertuen izan zen une bakarra.

Garaipena lortuta, garaipena beharrezkoa zuen Anaitasunak bigarren postuari eusteko. Baina nafarrek ez zuten hutsik egin: 26-22 irabazi zioten Eibarri. Neurketa osoan zehar aurretik izan ziren, 10. minutuan 5-5ekoan izan ezik.

Horrenbestez ligako azken jardunaldian erabakiko da norentzat izango den bigarren postu hori. Tolosak Elgoibarren aurka jokatuko du larunbatean, 19:00etan Usabalen. Anaitasunak neurketa zailagoa izango du Zaragozan, sailkapenean seigarren den Maristas Zaragozaren aurka. Itxaropena azkenera arte mantendu behar, beraz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!