Jende ugarik babestu du bortxaketa salatu duen emakumea

Ataria 2018ko api. 27a, 18:16

Ehunka herritar batu dira arratsaldean Tolosako Plaza Zaharrean atzo salatutako sexu erasoa gaitzesteko, Tolosako Udalak, Tolosako Emakume Taldeak eta Mugimendu Feministak egindako deiari erantzunez.

Indarkeria sexistarik gabeko herri baten alde leloa eraman du elkarretaratzeak eta amaieran adierazpena irakurri du mugimendu feministako kide batek. Apirilaren 19an izandako erasoa "biziki" salatu eta arbuiatu dute deitzaileek, eta era berean, "laguntza eta elkartasuna" adierazi diote erasotutako emakumeari.

"Emakumeek ez dute inoiz erantzukizunik bizitutako indarkerian, edozein izanik ere ordua, tokia, janzkera eta erasotzailearekin edo erasotzaileekin duten harremana; indarkeria beti da egiten duenaren edo dutenen erantzukizuna", esan dute. "Edozein dela ere emakumeen egoera soziala, heziketa edo nazionalitatea bizitzako esparru askotan nozitzen duten egiturazko desberdintasun egoeran dago emakumeen aurkako eraso hauen sustraia".

Indarkeria hori bera sistemak "elikatu" egiten duela uste dute elkarretaratzearen deitzaileek, "eta horren barruan, argi eta garbi, baita justiziak ere". La Manada-ren epaiari egin diote erreferentzia: "Epai honek emakumeok babes gabe utzi gaitu, gure artean antolatu eta babestea besterik ez zaigu geratzen. Autodefentsa Feminista deitzen diogu horri. Iruñean erasotutako emakumeari zein Tolosan bortxatutakoari sinesten diegu. Guk sinisten dizuegu! Eta beti ondoan izango gaituzue. Feminismoak indartu eta elkartuko gaitu".

Emakumeen aurkako erasoak "asko eta mota askotakoak" izan ohi direla esanez amaitu dute gaur elkarretaratzea. "Horiek guztiak amaitzea da gure helburua, indarkeria sexistarik gabeko herri bat eraiki nahi dugulako eta horren alde ari garelako".

Behin elkarretaratzea amaituta, Olatz Peon Tolosako alkateak apirilaren 19an izandako bortxaketaren inguruko azalpenak eman ditu: "Tolosako etxebizitza batean gertatu zen. Donostian bizi den emakumea izan zen erasotua eta atzo Donostiako epaitegian jarri zuen salaketa. Atzo bertan, eguerdian, Tolosan atxilotu zuten gizonezkoa eta orain atxiloaldi prebentiboan dago. Emakumea Gipuzkoako Foru Aldundiko larrialdi zerbitzuek artatu zuten eta aholkularitza psikologikoa eta legezkoa eman zioten lehen momentutik. Babestuta dago orain". Alkateak nabarmendu duenez, udalaren protokoloari jarraituz, gertaera gaitzetsi eta emakume erasotuari babesa emateko deitu dute elkarretaratzea 24 orduko epean.

Tolosako asanblada feministaren izenean Alaia Gorostidik hitz egin du eta nabarmendu du "egun goibela" izan dela gaurkoa. Hala ere, emakumeen aurkako edozein eraso edo bortxaketa salatzeko kalean ematen ari den erantzuna azpimarratzekoa dela aipatu du.

Askotariko erakundeak presente

Tolosako Plaza Zaharrean izan dira gaur arratsaldean Imanol Lasa Foru bozeramalea eta Miren Elgarresta foru Aldundiko Berdintasun zuzendaria. Azken gertaera hau "biziki larria eta jasanezina" dela esan du Lasak eta halako ekintzen aurrean "zero tolerantzia" eskatu du. Hala, foru bozeramaileak gizartea osoari ere luzatu dio deia eta, oraingoan bereziki gizonei zuzendu zaie, "egunero eta maila guztietan har dezagun konpromisoa emakumeen kontrako indarkeria deitzen den gaitz sozial hau behin eta betiko ezabatzeko".

La Manada-ren epaiketaren sententziaren kasua ere hartu du hizpide foru bozeramaileak. Haren esanetan, "gertaeraren larritasunak eta gizartearen aldarrikapen ozenak erakusten dute lehen mailako arazo sozial baten aurrean" aurkitzen garela. Hala, Lasak adierazi du bat egiten duela Nafarroako Audientziaren epaiak sortu duen "haserrealdi eta ezin ulertuarekin", eta gehitu du honek balio behar duela "emakumeen kontrako indarkeriarekin amaitzeko urrats definitiboa emateko, guztiok ala guztiok eta maila guztietan".

Aldundiak genero indarkeriaren kontra duen konpromisoa berretsi du eta nabarmendu du helburua dela "Gipuzkoa matxismoarekiko zero tolerantzia duen lurraldea izatea". Emakundeko ordezkariak ere izan dira gaur Tolosan, apirilaren 19an gertatutako bortxaketa salatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!