Eraso matxista baten berri eman du Ertzaintzak, gaur. Pasa den asteko ostegunean, apirilaren 19an, gertatu zen salatutako bortxaketa. Tolosako etxebizitza batean izan zen. Ertzaintzak argitu duenez, atxilotutako gizonezkoak 76 urte ditu eta emakumea kontratatua zuen etxeko lanak egiteko. Emakumeak bertan egiten zuen lo. Salaketaren arabera, bortxaketa emakumeak erabiltzen zuen logelan izan zen.
Tolosako Udalak "irmoki" salatu du bortxaketa eta "emakumeari zuzeneko elkartasuna eta babesa" adierazi dio. "Indarkeria mota honi aurre egiteko dituen zerbitzuak eta tresnak bere eskura" jarri dituela ere esan du.
Era berean, Tolosako Udalak adierazpen instituzionala onartu du, aho batez, eta Tolosaldeko Emakume Taldearekin eta Mugimendu Feministarekin batera, elkarretaratzea deitu du, gaur arratsaldeko 19:00etarako, Plaza Zaharrean, Indarkeria sexistarik gabeko herri baten alde lelopean. 15 minutukoa izango da eta herritarrei parte hartzeko deia egin die. Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin du udalaren deialdiarekin.