Erakusleiho bizi bat, lanbideentzat

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko apirilaren 21a

Tolosaldeko III. Lanbide Azokak arrakastaz amaitu du bi eguneko eskaintza; eskualdeko bost ikastetxeek Trianguloa izan dute, erakusleiho bizi. 

Hirugarrenez, Tolosaldeko Lanbide Azokak herritarren jakinmina asetzeko txoko perfektua bilakatu du Trianguloa plazako karpa. Atzo ikastetxeetako gazteei begira egin bezala, gaur, bertaratu nahi zuen herritar orori zabalik izan da azoka, eta ederki erantzun du jendeak, goiz osoan barrena. 

Ikasketak erabakitzen ari direnak nahiz azokako jarduerak jakinmina piztu dienak, guztiak elkartu dira azokan, eta berretsi egin da eskualdeko lanbide heziketaren indarra. Hala nabarmendu du Joxemari Elola Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuko ordezkariak: "Osagarritasun handia dago Tolosadeko bost ikastetxeen artean, eta eskualde honetako lanbide heziketako eskaintza oso maila onekoa da". Bide beretik, hizpide izan ditu enplegu eta soldata datuak ere. 

Tolosaldean, Peñascal fundazioa, Tolosaldea LHII, Inmakulada ikastola, Don Bosco ikastetxea eta Fraisoro eskolak osatzen dute lanbide heziketaren eskaintza, eta industria, zerbitzuak, osasungintza, kimika eta papergintza, sukaldaritza nahiz ingurumenaren esparruetara iristen dira. 

Azoka amaituta ere, ikastetxeetako ordezkariek azpimarratu dute atea zabalik izango dituela, hala nahi duenak, ikastetxeak bertatik bertara ezagutzeko. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!