Harmailak betetzeko dei egin du Tolosa Eskubaloiak

Tolosaldeko Ataria 2018ko api. 19a, 17:03

Bigarren postua lortzeko lehian neurketa erabakigarria jokatuko dute tolosarrek, larunbatean, Anaitasunaren aurka. Zaleei dei egin die taldeak, animatzera gerturatu daitezen.

Tolosa Eskubaloiak jokoan du sailkapeneko bigarren postua. Hirugarren dira uneotan, eta bi puntura du Anaitasuna bigarren sailkatua. Hain zuzen, bi taldeak nor baino nor gehiago arituko dira asteburu honetan, Tolosan, 19:00etatik aurrera.

Urdinak azken bost neurketak irabaztetik datoz. Hain zuzen, galdu zuten azken neurketa liderraren aurkakoa izan zen. 23-24 gailendu zen Dominicos Zaragoza Usabalen, eta orain bost puntura daude Aragoikoak.

Bigarren postu hori du jomugan Tolosak, eta horri heldu nahi badio, ezinbestekoa izango du garaipena. Joanekoan 36-28 galdu zuten Tolosarrek Anaitasunaren aurka, eta averagea aldeko jartzea oso zaila den arren, ez diote ezeri uko egiten. Bigarren postua eskuratuko balu, igoera fasea jokatzeko aukera izango luke Tolosa Eskubaloiak.

Hori lortzeko, ordea, zaleen laguntza eskatu du taldeak. "Herritarren berotasuna ezinbestekoa izango da, horregatik jokalariok marea urdinari dei egiten diogu, Usabalera joateko, harmailak bete eta taldeari bultzada bat emateko".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!