Hirugarren urtea abian du Singular Dendak egitasmoak

Imanol Garcia Landa 2018ko api. 18a, 18:13

Nerea Letamendia eta Rosa Martin, aurkezpenaren une batean.

Dagoeneko badira Tolosan Singular Dendak marka duten hamabost komertzio.

Bi urteren ondoren, Singular Dendak  egitasmoaren barruan Tolosako hamabost denda daude sartuta, eta hirugarren urtez aurkeztu dute herrian, beste sei dendek pausoa emateko. Tolosa&Co elkartearen egoitzan egin dute gaur aurkezpena Nerea Letamendia zinegotziak eta Rosa Martin Gipuzkoako Merkatarien Elkarteko kideak eta Singular Dendak egitasmoaren arduradunak. Hainbat dendari izan dira bertan.

Singular Dendak markak balioa ematen dio Gipuzkoako merkataritza bereizle eta bereziari, eta bere bezeroei balio bereizgarria eskaintzen dieten komertzioak saritzen ditu. Singular Denda izateko hainbat pauso eman behar dira. Batetik, hasierako diagnostikoa egitea. Ondoren, kontrastatzea, eta ekintza plana definitzea. Jarraian, hobekuntzarako ekintzak ezartzeko laguntza jasotzea. Jarraipena eta ebaluazioa egin ondoren, ziurtapena ematea, ebaluazioa positiboa bada, eta azkenik etengabeko hobekuntzarekiko konpromisoa izatea.

Letamendiak azaldu duenez, Tolosako Udaletik egitasmoaren balantze positiboa egin dute eta apustua egiten dute berriro ere laguntza emateko. Gipuzkoako Foru Aldundiak babesten du Singular Dendak proiektua eta hainbat udalek laguntzak ematen dituzte.

Egitasmotik zehazten denez, «helburua da komertzioetan erosketa-esperientzia nabarmenak sortzea, besteengandik bereizteko, bezeroak erakartzen eta horien leialtasuna lortzen lagunduko dutenak, eta ondorioz, komertzioen emaitzak hobetzen ere». Singular Dendak markaren bidez, tokian tokiko komertzio bereizgarria «posizionatzea eta posizionamendu hori indartzea» lortuko dela, «markaren komunikazio-estrategia baten bitartez», zehaztu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!