Pasahitza (zaharra)

«Animaliekiko sentsibilizazioan lan handia dago egiteko»

Iñigo Terradillos 2018ko apirilaren 25a

Tolosako Galgoen taldea duela lau urte hasi zen. Maite Oroquieta eta Josu Larraurik euren lehendabiziko galgo arrazako zakurra etxean hartu eta gero. Izan ere, Toledoko (Espainia) aterpe batera joan ziren horretarako, eta orduan jabetu ziren zakur hauen bueltan dagoen egoera "kezkagarria".

Aterpeetarako materiala biltzen hasi ziren. Hasieran mantak soilik, baina, ikusita aterpeetan gauza gehiagoren beharra zutela, toallak edota sendaketetarako materiala, esaterako, zabaltzen hasi ziren. Bigarren eskuko elkartasun azoketan saltzen jartzeko materiala ere biltzen dute egun. Gero, bertan jasotzen den dirua materiala erosteko erabiltzen dute.

Lau urte hauetan beraiek bezala lanean dabiltzan beste elkarte eta taldeekin batera aritu eta saretzea lortu dute. Material ugari jaso ahal izan dute, "herritarrek emandako laguntzari esker", eta material horiek utzi ahal izateko puntu ugari izatea lortu dute: "Horregatik, era batera edo bestera laguntza eman duten eta ematen ari diren guztiak eskertu beharra dauzkagu", diote.

Dena den, argi dute, oraindik asko dagoela egiteko: "gizartean animaliekiko sentsibilizazioan lan handia egitea falta da", diote. Lan hori hezkuntzan egin behar dela, eta baita legedi eta arauetan ere uste dute Tolosako galgoen taldeko kideek. Hala, herritarrei deia luzatzen diete lagundu nahi duten guztiak eskuak zabalik hartuko dituztela esanez: "Asko dago egiteko, eta materialarekin laguntza eman daiteke, eta nahi duenak taldean laguntzea ere asko eskertuko genuke".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!