Senegaldarrak eta tolosarrak, elkartuta

Ataria 2018ko apirilaren 16a

Senegalek independentzia lortu zuela 57 urte bete ziren apirilaren 4an, eta hori ospatzeko ekitaldia egin zuen, larunbatean, Boolo elkarteak.

Boolo hitzak 'taldea egin' esan nahi du. Bada, izen bera daraman elkarteak, eskualdean eta inguruetan bizi diren Senegalgo herritarrak bildu zituen larunbatean, taldean, beren herrialdearen independentziaren 57. urteurrena ospatzeko. Tolosarrak ere gerturatu ziren Kultur etxera, tartean, Olatz Peon alkatea, eta Patxi Amantegi eta Maite Ruiz de Eguilaz zinegotziak ere.

Senegalgo ereserkia entzunez hasi zuten ekitaldia, eta ondoren, Abdoulaye Gueye, Caritas Gipuzkoako abokatuaren hitzaldia izan zuten. Etorkinen gizarteratzerako erronka nagusien inguruan aritu zen hizketan, eta inguruko errealitate soziala aztertu zuen.

Hain zuzen, paperena da eskualdeko Senegalgo komunitateak duen arazorik handiena: "Paperik gabekoek ez dituzte bermatuta beren eskubideak", azaldu zuen Peonek. Bide batez, horrelako ekintzak "ezinbestekoak" direla gaineratu zuen Tolosako alkateak: "Kultur aniztasuna lantzeko garrantzitsua da ez bakarrik beraiek euskal kultura ezagutzea, baizik eta euskaldunok beraiena ere ezagutzea. Horrela bizikidetza errealago bat sortuko da".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!