Ane Iturriak Garganta de los Infiernos lasterketa irabazi du

Mikel Iraola 2018ko api. 16a, 08:27

Kadete mailan, Espainiako Kopako lineako bigarren mendi lasterketa puntuagarria irabazi du 16 urteko tolosarrak, Caceresen.

Duela hilabete Andaluziako Trail Cara los Tajos mendi lasterketan egin bezala, Ane Iturria tolosarra lehen postuan sailkatu da Caceresko Jerte ibarreko Garganta de los Infiernos lasterketan.

Alpino Uzturre elkarteko mendi lasterketa taldeko kideak 1:28:45 behar izan zituen helmugara iristeko. Malagakoaren antzera, hasieratik hartu zuen lasterketa burua tolosarrak, eta ia ibilbide osoan bakarrik aritu zen. Carolina Peula andaluziarra izan zen bigarren, ia zazpi minutura (1:35:13). Extremadurako Maria Sanchezek osatu zuen podiuma, 1:37:07ko denbora egin eta gero.

Malagakoaren ondoren, Espainiako Koparako bigarren proba puntuagarria izan da asteburukoa. Orain arte jokatutako bi lasterketak irabazita, sailkapen nagusiko lehen lekuan da Iturria.

Kopa amaitzeko beste hiru lasterketa jokatuko dira. Hurrengo hitzordua maiatzaren 6an izango da, Tarragonan, Panxampla mendi lasterketa. Laugarren proba Zumaian izango da, Zumaia Flysch Trail ezaguna, San Joan egunean, ekainaren 24an. Azken lasterketa abuztuaren 5ean jokatuko da Castellon.

Bideoan, Iturria helmugara iritsi zen unea:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!