Parrillaren munduko hiriburu izango da Tolosa, hiru egunez

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko api. 13a, 13:18

HARAGI aurkeztu dute, Haragiaren eta Txingarraren Nazioarteko I. Topaketa; Tolosako Udalak, Basque Culinary Center-ek eta HAZIk elkarlanean ondu dute, Txuletaren Festatik eratorritako proiektua.

Hamaika urteko bidea osatu zuen, joan zen abenduan, Tolosako Txuletaren Festak. Parrillan haragia erretzeko Tolosako tradizio eta esku onaren bidetik hasitakoa, belaunaldi berriei eta sektorearen profesionalizatzeari begira jarri dute azken urteotan, eta soka horri tiraka iritsiko da, datorren apirilaren 27tik 29ra, HARAGIA. "Bertakoa eta atzerrikoa, eta lanbideari eskainitakoa nahiz herrikoia" izango dela nabarmendu du Olatz Peon Tolosako alkateak aurkezpenean eta, adar horietara guztietara heltzeko, hiru erakunderen elkarlanak gorpuztu du, "bakarra" izango den hitzordua: Tolosako Udala, Basque Culinary Center eta Eusko Jaurlaritzako HAZI eskuz esku ari dira.

Abenduko zubiko ospakizuna ordezkatzeko sortu dute HARAGI, baina baita bere mugak zabaltzeko ere. Horrela, topaketa berria "nazioarteko joera gastronomiko nagusietan" txertatu dute agerraldian. Hiru helburu zehatz azaldu dituzte, gainera: Tolosako parrilleroen lana errekonozitzea; horien lana nazioartean sustatzea, munduko onenekin eskuz esku aritu daitezkeela erakutsiz; eta HARAGI nazioarteko topagune bilakatzea.

Joxe Mari Aizega BCCko zuzendari nagusiak azpimarratu duenaren bidetik, "gastronomiaren ikuspegia asko zabaldu da" azken urteotan: "Gastronomia ez dira, soilik, Michelin izarrak edo goi mailako sukaldaritza. Gastronomia da tradizioa eta berrikuntza, betiko jatetxeak eta goi mailakoak eta, zentzu horretan, Euskal Herrian pribilegiatuak gara, hori guztia gure nortasunaren zati delako". 

Eta, hain justu, horri guztiari erantzungo dio HARAGI topaketak: sektoreko adituentzako sinposio bat izango da, hilaren 27an, BCCn bertan, baina, jarraian, Tolosak hartuko ditu hiria nazioartean kokatzeko hitzorduak, ikaskuntzaren, prestatzearen, usaintzearen eta dastatzearen bidetik.

Erakundeetako ordezkariek iragarri dute, HARAGI hitzordu errepikaezina izango dela, besteak beste, nazioarteko punta-puntako parrilleroak bertaratuko direlako, topaketara. Haragizaleek bi gune markatu beharko dituzte gorriz, HARAGI topaketaz gozatzeko: Euskal Herria plaza –garai batean ganadu feriak ospatzen zituzten plaza– eta Zerkausia –orain arte Txuletaren Festa hartu duen gunea–.

Guztira 12 parrilla-aditu ariko dira eta, horietako 4, ozeanoz bestaldetik iritsiko dira: Dante Ferrero Mexikon bizi den argentinarrak behiaren showa egingo du Euskal Herria plazan, eta 24 orduz behi bat erreko du; Jefferson Rueda brasildarrak eta Renzo Garibaldi perutarrak, berriz, txerria erreko dute; azkenik, Pablo Rivero argentinarrak arkumea erreko du.

Munduko gastronomien zaporeez gain, noski, Tolosako txuletak ere tarte nabarmena izango du egitasmoan, eta Burruntzi, Botarri, Casa Nicolas eta Casa Julian erretegietako parrilleroek bi otordu eskainiko dituzte, Zerkausiko jantoki erraldoian, Jayne Hardcastle-en, Juan Antonio Zalduaren, Jose Gordonen eta Pablo Riveroren laguntzaz: ostiral iluntzekoa eta larunbat eguerdikoa. Azkenik, Zerkausia bera hitzaldi eta jakintzaren txoko ere bilakatuko da egunotan.

Haragiaren eta Txingarraren nazioarteko I. topaketari buruzko informazio osoa bildu dute www.haragi.eus atarian, eta erreserbak egiteko aukera ere zabalik da, jada, Tolosaldea Tour-en: tour@tolosaldea.eus-era idatzita edo 943 69 74 13ra deituta.

 

EGITARAUA

Apirilaren 27a, ostirala
09:00-14:30. Haragi adituen sinposioa, Basque Culinary Center-eko auditorioan. Mikel Zeberio, Jefferson Rueda, Dante Ferrero, Jayne Hardcastle, Renzo Garibaldi, Pablo Rivero, Jose Gordon, Juan Antonio Zaldua eta Mikel Zeberio ariko dira.

21:00. HARAGI topaketaren inaugurazio afaria, Zerkausian. Tolosako erretegiek eskainiko dute, Txuletaren Festako tradiziozko menua. 45 euro ordaindu beharko da. Txartelak eskuragarri dira, Tolosaldea Tour-en.  

Apirilaren 28a, larunbata
09:00. Tolosako Euskal Herria plazan, jendaurreko haragi-erretzeei ekingo diete:
- Pablo Riverok (Argentina) bertako arkumeak erreko ditu, eta eguerdian izango da dastatzea.
- Jefferson Ruedak (Brasil) txerria erreko du, eta afalorduan dastatu ahal izango da.
- Renzo Garibaldik (Peru) txerria erreko du, eta afalorduan dastatu ahal izango da.
- Dante Ferrerok (Mexiko-Argentina) behiaren showa egingo du: 24 orduan erreko du behi bat. Hurrengo egunean izango da dastatzea.

11:00. HARAGI ikasgela, Zerkausian. Hitzaldiak, prestakuntza saioak eta dastatzeak egingo dituzte. Gonbidatu bereziak: Jose Gordon, Juan Antonio Zaldua eta Jayne Hardcastle.

14:00. Herri bazkaria izango da, Zerkausian, 200 pertsonarentzat. Tolosako erretegiak (Botarri, Burruntzi, Casa Nicolas eta Casa Julian)  eta gonbidatuak elkarlanean ariko dira txuletak erretzen. Menu zehatza osatzen ari dira oraindik.

19:30. Tolosako erretegiei omenaldia, Topic zentroan, haien lanagatik eta ibilbideagatik.

Apirilaren 29a, igandea
12:00. Parrillan 24 orduz erre eta gero, Dante Ferreroren behi showa biribilduko dute, dastatzearekin, Euskal Herria plazan.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!