Pasahitza (zaharra)

"Erabakia une egokian hartu dugu"

Ataria 2018ko apirilaren 10a

Hamar urteko ibilibidearen ostean, Vendetta taldeak 2018 urte bukaeran esango du agur. Bertako bateria jotzaile Enriko Rubiñosekin izan gara Vendetta taldean izandako ibilbideaz, aurretik Skalariaken bizitakoaz, eta etorkizunaz.

Poztasunez "horrek esan nahiko baitu gauza berriak etorriko direla", baina, era berean, "erabaki gogorra" izan dela onartzen du Rubiñosek. "Taldea oso une onean dago eta erabakia une egokian hartu dugu". "Naturaltasunez" hartu dutela erabakia dio, taldeko kideek badutela beste zerbait egiteko gogoa, eta proiektuak eman duela emateko zuenaren ustea dutela.

Hori bai, eman duena "asko" izan dela dio tolosarrak. Hamar urteetan bost disko kaleratu dituzte, eta une eta etapa bakoitzetik oroitzapen politak gordeko dituela dio. Esaterako, euren musika munduko txoko desberdinetan jo dute zuzenean: "Berezia izan da, eta oso desberdina dela ikusi dugu lurralde batean edo bestean jo, kontzertuetara doazenak nahiz ohiturak desberdinak direlako".

2019 urteko urtarrilerako agur berezia ari dira prestatzen, eta bitartean hainbat zuzeneko eskainiko dituzte. Hortik aurrera, badituela hainbat proiektu azaldu digu Enriko Rubiñosek. Proiektu horietako bat nahiko aurreratuta dago eta abestiak dagoeneko grabatuta dituzte. Uda inguruan emango dute proiektuaren berri eta diskoa Durangoko azokarako prest izatea espero du musikariak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!