Bihar zozkatuko dituzte Euskal Herria plazako alokairu etxebizitzak

Tolosaldeko Ataria 2018ko apirilaren 11

60 eskaerak bete dituzte ezarritako irizpide guztiak, eta eskatzaile bakoitzari zenbaki bat eman diote, ausaz; zozketa bihar izango da, 18:00etan, udaletxeko pleno aretoan.

Tolosako Euskal Herria plazako gazteentzako etxebizitzak bigarrenez zozkatuko ditu, Tolosako Udalak, alokairuan esleitzeko; bihar izango da hitzordua, 18:00etan, pleno aretoan. Zuzkidura bizitokiak izaki, esleipendunek hiru urteko epea izango dute etxebizitza horietan bizitzeko, eta beren diru sarreren araberako kuota ordaindu beharko dute, hilero.

Tolosako Udalak jakinarazi du 60 eskatzailek bete dituzte ezarritako irizpide guztiak, eta 21 etxebizitza zozkatuko dituzte, horien artean. Berez, eskatzaileak bi taldetan banatu zituzten, baina, mugikortasun urria duen eskatzailerik izan ez denez, kupo orokorraren taldea izango da zozketan.

21 etxebizitza horietako batek bi logela izango ditu eta, gainerako apartamentu guztiek, berriz, logela bana izango dute. Horrela, lehenengo 21 eskatzaileen zenbakiek osatuko dute esleipendunen zerrenda, baina zozketa osorik egingo dute udal teknikariek, ordezkoen itxaron-zerrenda osatu ahal izateko.

Zozketa egin eta gero, Tolosako Udala harremanetan jarriko da esleipendunekin, eta bizitokiak erakutsiko dizkiete, esleipena formalizatu aurretik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!