Iker Vicentek gehiago dela erakutsi du

Ataria 2018ko apirilaren 8a

Otsagabiako gaztea aizkolari peto-petoa dela ikusi da Tolosako zezen plazan. Xabier Orbegozo 'Arria V.a'-ri hiru minutuko aldeaz irabazi dio aizkora apustua.

Lan erdietan Vicentek minutu eta 44 segundo atera dizkio Ibarran bizi den errezildarrari. Lehen enborretan zabaldu du aldea, eta ondoren, itzuli osoan eusten joan da. 12 kanaerdiko eta zortzi 60 ontzako lana gogorra bazen, 'Arria V.a'-k eramandako egur gogorrek oraindik eta nekezagoa egin dute apustua. Esperantza hor zuten errezildarrek, Otsagabiako gaztea hustuko ote zen. Baina ez da horrelakorik gertatu, ezta izpirik ere. Iker Vicentek 2.000 ikusleren aurrean gehiago dela erakutsi du: hasi eta buka. Lanak bukatzeko 56 minutu eta 28 segundo behar izan ditu irabazleak. 'Arria V.a'-k 59.37ko denbora markatu du.

Erakusle eta laguntzaile bezala, Iker Vicentek, Daniel Vicente aita eta Eneko Saralegi lehengusua izan ditu ondoan. Luis Txapartegi eta Jose Ignazio Orbegozo 'Arria II.a', aldiz, Xabier Orbegozorekin aritu dira.

Iker Vicente

 Xabier Orbegozo 'Arria V.a'

 Daniel Vicente

 Luis Txapartegi

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!