Millan Astrayk, Frankoren lagun min izan zenak, sortu zuen Legioaren ondoan Aste Santuan ikusi ditugun politikarien agerpenak dira azken adibidea.
Baina ferrolgo genozidaren omenezko fundazioaren gaira itzulita, atzo bideo bat helarazi zidaten Jueces para la Democracia taldeko epaile baten azalpenekin; Ignacio Gonzalez Vegaren azalpenekin hain zuzen ere. Ez omen dago deliturik Espainiako kode penalean frankismoaren gorazarrea epaitzeko. Ados. Ez dago. Beraz, soluzio bakarra kode penala aldatzea litzateke. Eta frankismoa errrotuta duen gizarte eta herrialde batean hori ez da gertatuko. Baina larritu ninduena ez zen hori izan. Larriena da hori justifikatzeko honakoa esaten zuela epaile espainiarrak. Alemanian nazismoaren gorazarrea delitua litzatekeela, baina aldiz, Alemanian, ez dela legala alderdi politiko independentistak egotea. Espainian alderdi 'separatistak' -hala zioen- onartzea, eta Franko diktadorea txalotzea orekan kokatu zituen epaileak. Bi muturrak horiexek bailiran. Demokratikoki independentzia lortu nahi duen alderdi politikoak egotea, eta diktadore bat txalotzeak orekatu egiten omen du gure adierazpen eta ideologia askatasuna.
Espainiar ugari sinestaraziko dute, beraz, diktadura eta errepresioa ospatzea, defendatzea, genozida bat txalotzea, eta hori, gainera, diru publikoz egitea zilegi dela. Horri oreka emango dion beste muturrean independentismoa dagoelako. Diskurtso horren atzean, normalizatua den diskurtsoan, gorrotoa dago. Giza eskubideak urratu, gizateriaren aurkako delituak burutu eta hori sostengatzen duten filosofia alderatu nahi dute herri batek bere etorkizuna demokratikoki erabakitzearekin. Adoktrinamenduan trebeak dira gero. Zorioneko gu, antza denez, alderdi politiko independentistak izatea galaraziko duen legerik ez delako. Oraingoz. Bestelako kontua da azken helburua independentzia izaki, erreferendum bat deitzearen delitupean kartzelean sartuko gaituztela. Izatez, sartzen gaituztela. Egia balitz, muturren diskurtso horretan, orekaren teorian, independiente izateko eskubideak euren frankismoaren gorazarrea onartzea dakarrela, onartuko genuke txintik ere esan gabe. Gezur hori egia balitz...