Osasun zerbitzuaren inguruan hitz egiteko batzar irekia egin zuten astelehenean, Tolosako udaletxean, eta bertan, EH Bilduk eta Podemosek lan mahai bat osatzea eskatu zuten. EAJk, baina, ezezkoa eman zion eskaerari, "hori ez dagokiola Tolosako Udalari" argudiatuta. Bada, Iñigo Cabieces Podemosen Tolosako ordezkariak adierazi duenez, mahaia osatzeko mozioa aurkeztu zuten bileraren biharamunean, baina, "atzera bota" zuten udalean: "Alderdi baten izenean aurkezteko eskatu digu alkateak berak", azaldu du. Mozioa PSEko Cristian Fernandezi ematekotan geratu dira, hura aztertu eta euren izenean aurkezteko helburuz.
Izan ere, Ataria irratiko solasaldian adierazi duenez, lan mahai bat osatzearen alde dago Fernandez. "Osasun kontuengatik ezin izan nuen batzarrean hitz egin, baina, Asuncion klinikaren egoera aztertu eta zer egin daitekeen mahai batean jorratzearen alde nago". Bere ustez, afera bide onean jartzeko "beharrezkoa" da "herritarrek, eragileek eta alderdi politikoek osatutako mahaia osatzea".
PP ere bat dator ideia horrekin, izan ere, Peio Atxukarro PPren Tolosako ordezkariak esan duenez, "herritarren aldarrikapen bat badago gai honetan, eta hori entzun, eta kontuan hartu behar da". Horregatik, mahaia eratzearekin ados agertu da Atxukarro, eta parte hartuko duela ere adierazi du.