Gastronomia eta kultura, bat eginda

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko mar. 22a, 15:22
Gure Txokoako, Topic-eko, Udaberriko, udaleko, Tolosa Kantariko, Tolosaldea Garatzeneko eta Astelehenako ordezkariak.

Aste Santuko eskaintza hasiko da etzi; Gure Ardo Txuri Txokoa eta Dantzari Txiki Eguna izango dira.

Aste Santurako eskaintza berezia egin du beste behin, Tolosak, udalari eta eragileei esker, eta turismoari zein bertakoei begira larunbateko azokak duen indarra probestu nahi izan dute. Hori dela eta, ekitaldiak bi larunbatetan bildu dituzte; datorrenean, hilak 24, eta martxoaren 31koan. Bi larunbatetan hiru guneetan –Zerkausia, Berdura plaza eta Euskal Herria plaza– banatutako azoka izango da, ohi bezala, eta horretaz gain bisita gidatuak egongo dira bai Tolosako Alde Zaharrean barrena eta azokan bertan, eta baita Topic zentroan ere. «Lehen sektorearen garapenean ezinbesteko izateaz gainera, jende asko erakartzen du Tolosara. Bertako eta kalitatezko produktuen saltoki da, baserritarrekin hartu-emanean aritzeko beta dute herritar eta bisitariek gertutasunez, eta Lurretik Sukaldera postuan, bertako eta unean prestatutako jakiak dastatu ahal izango dituzte. Hori asko baloratzen dute bisitariek», esan du aurkezpenean, Nerea Letamendia Merkataritza, Feriak eta Turismo zinegotziak.

Etzi emango diote hasiera, dena den, Aste Santura begira antolatutako ekitaldiei. Bi izango dira hitzordu nagusiak; Gure Txokoa Elkarteak antolatuko Gure Ardo Txuri Txokoa eta Udaberri dantza taldearen Dantzari Txiki Eguna eta erromeria.

Gure Ardo Txuri Txokoa
Gure Txokoa elkarteak iaz berreskuratu zuen ardo zuriari eskainitako txokoa. Duela 13 urte egiten zuten eta pasa den urtean egin zuten berriz ere. «Oso arrakastatsua izan zen eta berriz ere egitea erabaki dugu», esan du Gure Txokoako Jose Luis Arratibelek.

11:00etan irekiko dute gunea, Trianguloan, eta irekiera ekitaldia 11:30ean izango da. Berezia izango da gainera, bertan Handia filmeko protagonista bati omenaldi txiki bat egingo baitiote. 13 upategitako 16 ardo txuri dastatu ahal izango direla ere esan du Arratibelek. Gerturatzen direnek 5 euro ordaindu beharko dituzte, eta horren truke nahi adina ardo txuri edan ahal izango dute. 14:00ak arte egongo da zabalik.
Bestetik, Dantzari Txiki Eguna izango da egun osoan zehar. 11:30ean aterako dira hainbat herritatik gerturatutako dantzari txikiak eta taldeetan banatuta, Tolosako txoko bat baino gehiagotan egingo dute dantza. Udaberrik antolatuta egongo dira antzari txikiak Tolosan, eta ez da ekitaldi bakarra izango, gauean, erromeria ere izango baita, Zerkausian. Biharko eguna borobiltzeko Topic zentroan egongo den Verdini Metodoa aipatu dute udaleko arduradunek. Downen sindromearen harira antolatutako ekitaldia da, eta 18:30ean hasiko da.

Martxoak 31
Datorren larunbatean, hilaren 31n, ere izango da zer ikusi eta dastatua herrian. «Gastronomiak, ondareak eta kulturak bat egingo dute Tolosan», esan du Letamendiak.

Aste Santuetako larunbatean karakolak izango dira protagonista. 11:00etan karakolen lasterketa egongo da, Trianguloan, eta 12:00etan dastatzea. Astelehena eta Botarri jatetxeko sukaldariak arduratzen dira urtero, karakolak prestatzeaz, eta oso harrera ona izaten dutela esan du Astelehena jatetxeko Peio Doyhartzabalek. «8 urte dira karakolak prestatzen ditugula eta oso gustura egiten dugu», gaineratu du. Karakol razioak eta ardoak 2 euro t’erdi balioko du, eta karakol jatean garrantzitsuena saltsa dela argitu du sukaldariak. 2.500 karakol prestatuko dituzte.

Ez da hori Aste Santuko larunbatean egongo den ekitaldi bakarra, hileko azken larunbata izaki, Tolosa Kantarikoak ere aterako baitira kalera. Ohi bezala 12:00etatik 14:00etara ariko dira.

Aste Santuetan egongo da besterik Tolosan. Gure Zirkua ekimenak martxoaren 26an hasita hamar eguneko tailerrak antolatu baititu, Asvinenea Arte Eszenikoen Laborategiaren eskutik.
2017an %6 bisitari gehiago jaso zituen Tolosaldeak, Letamendiak emandako datuen arabera, eta bide horretatik jarraitu beharra nabarmendu du zinegotziak. «Iazko Aste Santuan ere datu onak izan genituen. Hori mantendu eta era jasangarrian hobetzen jarraitzeko asmoa dugu, Donostiara eta Bilbora etortzen diren milaka turistak gurera erakarriz».

 

Aste Santua Tolosan

Martxoak 24, larunbata

  • 09:00-14:00. Larunbateroko azoka, Zerkausian.
  • 10:00. Alde Zaharrean bisita gidatua.
  • 11:00-14:00. Gure Ardo Txuri Txokoa Gure Txokoa Elkarteak antolatuta, Trianguloan.
  • 11:00. Azokara bisita gidatua.
  • 11:30. Dantzari Txiki eguna, Udaberrik antolatuta.
  • 12:00. Alde Zaharrean bisita gidatua.
  • 12:00. Topic-en bisita gidatu antzeztua.
  • 15:00. Alde Zaharrean bisita gidatua.
  • 18:30. Downen sindromearen Nazioarteko egunaren harira, Verdini Metodoa, Topic-en.
  • 20:00. Musika poteoa.
  • 21:00. Erromeria Zerkausian.

Martxoak 31, larunbata

  • 09:00-14:00. Larunbateroko azoka, Zerkausian.
  • 10:00. Alde Zaharrean bisita gidatua.
  • 11:00. Azokara bisita gidatua.
  • 11:00. Karakolen lasterketa, Trianguloan.
  • 12:00. Karakol dastatzea.
  • 12:00. Alde Zaharrean bisita gidatua.
  • 12:00. Topic-en bisita gidatu antzeztua.
  • 12:00-14:00. Tolosa Kantari.
  • 15:00. Alde Zaharrean bisita gidatua.
  • 16:00. Alde Zaharrean bisita gidatua.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!