Turismoari begirako webgune praktikoa sortu du Tolosako Udalak

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko martxoaren 22a

Nerea Letamendia zinegotzia, webgunearen berri ematen.

Tolosako Udalak bere webgunea osatu du; Udala eta Agenda sailei, hirugarren adarra gehitu die, Turismoa.

Informazio praktikoa jasotzen du Tolosako Udalaren webgunearen atal berriak. Turismoari begirakoa da eta bost ataletan banatu dute edukia: Ikusi, Dastatu, Planak, Ekintzak eta Informazio osagarria. Lehenik euskarazko bertsioa prestatu dute, erabilgarri dagoena jada, eta Aste Santuak baino lehen gaztelaniaz ere egongo da. Aurrerago egingo dituzte ingeleseko eta frantseseko bertsioak.

Behar batetik abiatu zen udala, webgunea turismoari begira jartzeko: «Turismoa eta turistak, interneten daude. Presentzia handia du sarean. Bidaiariek geroz eta gehiago jotzen dute kanak horretara beren bidaiak planifikatzeko orduan», esan du Merkataritza, Feriak eta Turismo zinegotziak, Nerea Letamendiak.

Ikusi atalean arkitekturari, landa eremuari eta arteari egin diete lekua; Dastatun gastronomia da muina eta ostalaritzaren inguruko informazio praktikoa bildu dute; Planak atalean eskualdeak biltzen duen eskaintzaz gain, Tolosan egun oso baterako plan proposamenak ere egiten dituzte; Ekintzen atalean agenda dago eta baita negozio bidaiak antolatzeko dauden aukeren informazioa ere. Azken atalean, Informazioan garraio publikoaren lo egiteko tokien, turismo bulegoen eta bisita gidatuen inguruko informazioa da eskuragarri.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!