Hurrengo ikasturtean amaituko dute zezen plazako eraberritzea

Tolosaldeko Ataria 2018ko martxoaren 20a

Hirugarren eta laugarren faseei irailean ekingo diete, eta orain arteko aurrekontu handiena eskatuko dio, udalari, esku-hartzea; orobat, eraberritzeak 1.200.000 euroko aurrekontua izango du.

2016an hasi, eta 2019an amaituko ditu, Tolosako Udalak, zezen plaza eraberritzeko lanak. Besteak beste, segurtasun eta ebakuazio neurrietara egokitzea izan zen obrei ekiteko arrazoia eta, datorren irailetik aurrera, harmailak eta palkoak erabat berrituz biribilduko dute proiektua.

Hasiera-hasieratik, lau fasetan banatu zuten egitasmoa, kontuan hartuz, inauterietan ezinbestekoa dela zezen plaza eskuragarri izatea. Horrela, plazari 3 sarrera-irteera berri eraikiz ekin zioten lanari, esku-hartze horretara 137.670 euro bideratuz. 2017. urtean, berriz, erretenak aldatu zituzten, eta palkoen egitura sendotu zuten; 196.665 euro bideratu zituzten horra.

Horrenbestez, hirugarren eta laugarren faseei helduko diete hurrengo ikasturtean, eta Tolosako Udalak 857.071 euroko aurrekontua baliatuko du, zezen plazaren eraberritzea amaitzeko. Harmailak eta palkoak eraberrituko dituzte, oso-osorik, eta estalkiari ere tratamendu berezi bat emango diote, suteez babesteko.

Behin lanak biribilduta, Tolosako zezen plazan 3.316 pertsonarentzako lekua izango da.

Aipatzekoa da, udalak iaz aztertu zituela zezen plazaren balizko erabilerak, ekipamendu soziokulturalen azterketan barneratzeko. Bide horretan, gainerako ekipamenduen erabilerak aztertu, eta herrirako eskaintzari begirako moldaketa eta obrak aurreikusten ari da, orain, udalak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!