Fronton kafetegiaren itxiera ospatzeko, hitzordu zerrenda iragarri dute

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko mar. 14a, 19:25

Arduradunek Tolosako Udalarekin zuten kontzesio hitzarmena amaitu da, eta hilaren 31 izango dute azken eguna; binilo azoka eta kontzertuak antolatu dituzte

Hogeitabost urteko ibilbidea festaz biribilduko du Fronton kafetegiak, datorren martxoaren 24an. Tolosako Udalarekin 25 urterako zuten kontzesioa amaitu dela-eta, kafetegia ixtea erabaki du Juantxo Izagirre arduradunak, eta hitzordu zerrenda iragarri dute, Tolosako lokal ederrenetakoa agurtzeko.

Egungo lan taldeko kideak hilaren 31n ariko dira, azkenekoz, orduan itxiko baitute kafetegia. Ospakizunak, ordea, astebete aurreratu nahi izan ditu Izagirrek, Aste Santuko oporraldiarekin bat egin ez zezaten: «Frontonen pasatutako 25 urteak agurtzeko modurik egokiena iruditu zaigu, antolatu duguna».

Horrela, egitaraua iragartzearekin batera, eskaera bat ere plazaratu nahi izan dio, Juantxo Izagirre ostalariak, Tolosako Udalari: «Gure ondoren kafetegia hartuko dutenei begira, uste dut udalak sustatu egin beharko lukeela lokalaren kultur izaera eta, horretarako, oholtza, soinu ekipo eta argi finkoak bermatu».

Taberna edo kafetegi soil bat baino askoz ere gehiago izan baita, Fronton kafetegia, tolosarren bizitzetan: herriko bizitza sozialaren bihotza, neurriz, kokapenez eta mugimenduz.

Biniloak eta musika

Mende laurdeneko ibilbideari musikari begirako agurra zor ziotela iritzita, Fronton kafetegian ohikoak izan diren ekitaldiak programatu dituzte, itxiera ospakizunetarako ere.

Batetik, martxoaren 21etik 23ra bitarte, disko biniloen azoka izango da, azken bi urteotan egin bezala. Josema Martinez antolatzaileak 1975az geroztik dihardu biniloekin lanean, Irunen duen dendan: «Duela 30 bat urte desagertzen hasi ziren, baina, orain, badirudi biniloak berriro ekoizten hasi direla, eta joeran daudela. Aurreko bi azokek harrera oso ona izan dute, eta aurtengoak ere hala izatea espero dut». Horrela, hilaren 21etik 23ra, 16:00etatik 21:00etara bitarte, rocka, musika klasikoa, jazza, bluesa, folka, euskal musika nahiz popa biniloan eskuratzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, eta komikiak ere izango dira.

Eta, azoka egunen ondotik, egun handia hilaren 24ak hartuko du. Fronton kafetegiak zuzeneko musika emanaldien eskutik egindako ibilbide luzea nolabait omendu nahian, lau emanaldik hartuko dute egitaraua, herriko taldeen eskutik.

Chaston Dixie Band, La Jodedera, Atila y los Unos eta Klashmen ariko dira.

Luisma Gomez 1992an hasi zen larunbat gauetako dantzaldiak girotzen, eta urteak eman zituen jardun horretan: «Gipuzkoan ez zegoen halako ohiturarik, eta Frontoia aitzindari izan zen, nolabait. Espero dut hurrengo arduradunek erritmo musikal berari eustea, pribilegio bat baita horrelako lokal bat izatea».

Bere aldetik, Jesus Prados Atilak Fronton kafetegia «ezinbestekoa» izan dela azaldu du: «Hori Juantxori esker izan da, baina baita bere lan taldeari esker ere». 

Egitaraua

Martxoaren 21etik 23ra. Disko biniloen azoka, Fronton kafetegian, 16:00etatik 21:00etara bitarte.

Martxoaren 24a. Kontzertuak, herriko musika taldeen eskutik: Chaston Dixie Band (18:30), La Jodedera (20:00), Atila y los Unos (22:00) eta Klashmen (00:00).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!