Laskorain KE, bigarren B Mailara begira

Asier Imaz 2018ko mar. 14a, 11:55

Laskorain Ikastola areto futbol taldeak 15 partida irabazi ditu jarraian Hirugarren Mailan; sailkapenaren lehen postuan daude ikastolakoak, bi puntuko errentarekin.

Tolosaldean areto futbola indartsu dator. Lauburu Ibarra hirugarren dago Bigarren B Maila lehiatuan. Laskorain Ikastola maila bat beherago dago, baina sailkapenean lider. Bi taldeetan jokalari gazteak dira nagusi. «Futbol 11ri ematen zaio garrantzi gehien, baina eskualdean azken aldian harrobia ondo lantzen ari da areto futbola. Lan horrek bere fruituak eman ditu, eta horri esker gaude gauden egoeran», dio Beñat Balerdi Laskorain Ikastolako kapitainak.

Aurten trantsizio denboraldia izan behar zuen Balerdi eta bere taldekideentzat. Beteranoek taldea utzi ondoren, jubeniletatik sei gazte igo ziren lehen taldera. Entrenatzailea ere jubeniletatik zetorren. Kapitainak dioen bezala, «helburua maila mantentzea zen». Ligako lehen jardunaldietan hori ere kosta egingo zela zirudien, baina ondoren «dinamika aldaketa» etorri zen. Laskorain Ikastolak azken 15 partidak irabazi egin ditu, sailkapen buru jarriz. «Taldean aldaketa asko egon ziren eta egokitzea pixka bat kosta zitzaigun. Baina bat-batean buelta eman genion», dio ikastolakoen kapitainak.

Egokitze lanari joko aldaketa gehitu behar zaio. Atzean sartuta jokatzetik guztiz aurkakoa egitera pasa ziren Laskoraingoak: «Entrenatzaileari jokatzeko modu hori gustatzen zaio. Jubeniletan horrela jokatzen zuten; aurrean presionatuz, bakoitza jokalari baten gainean dela. Berarekin ibilitako eta taldera etorritako jubenilek ondo ezagutzen zuten jokamolde hori, baina guretzat aldaketa bat izan da. Hasieran kosta egin zitzaigun egokitzea. Azkenean, ordea, bai jokora eta bai gazteetara ondo moldatu gara, eta oso gustura gaude», aitortzen du Beñat Balerdik. Fisikoki, lehen baino intentsitate handiagoa erakutsi behar dute jokalariek, baina denboraldi-aurre «oso on» bati esker, taldea arlo horretan oso ondo dagoela dio tolosarrak. Orain bi moduetara joka dezaketela dio kapitainak.

ZORTZI JARDUNALDIREN FALTAN

Hirugarren Mailan 24 puntu gelditzen dira jokatzeko. Laskorain Ikastolak bigarrenari bi puntu ateratzen dizkio. Hasierako helburua beteta, orain zer dute buruan? «Ez dut oso altu esango, baina liga irabazten saiatuko gara, ahal bada, Bigarren B Mailara igotzeko. Egutegi zaila dugu aurretik, baina saiatuko gara», dio Balerdik. Azken urteetan, aukera izanagatik Bigarren B Mailari uko egin dio Laskorainek. Aurten, «jendea gogoarekin dago, konpromisoarekin, eta agian, liga irabaziz gero igotzea planteatuko dugu», aurreratzen du kapitainak.

Oinak lurrean izan nahi ditu Beñat Balerdik, erraza izango ez denaren jakitun: «Alde batetik, ekonomikoki eta kirol maila aldetik jauzi handia dago. Eta bestetik, horretara iristeko liga irabazi behar dugu. Ez badugu ez da ezer pasako, hasierako helburua zein zen ez baitugu ahaztu. Egokitzen jarraituko dugu, eta hurrengo urtean saiatuko gara berriro ere liga irabazten».

GARAIPEN BOLADA

Soloarte-Laskorain 6-9

Internacional-Laskorain 2-3

Afantxo-Laskorain 5-7

Laskorain-Aurrera Vitoria 5-3

Sasikoa Durango-Laskorain 1-7

Laskorain-Kukuyaga 2-1

Santurtzi-Laskorain 2-10

Laskorain-Otxartabe 4-1

Goierri-Laskorain 1-3

Aretxabaleta-Laskorain 2-6

Laskorain-Alipendi 4-0

Muskiz-Laskorain 4-5

Laskorain-Eguzki 4-0

Lagun Onak-Laskorain 2-5

Laskorain-Soloarte 6-4

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!