Amaroz Auzo Elkarteak deituta, batzarra egin zuten auzoan pasa den astean. Auzo elkarteak enpresako zuzendaritza, langileak eta Tolosako Udaleko alkate zein zinegotziak gonbidatu zituen. "Helburua zen auzotarrek ahalik eta informaziorik zehatzena edukitzea", esan dute. Azkenean langileak eta EH Bilduko ordezkari bat bakarrik izan ziren batzarrean. "Barkamena eskatzen diogu PSEko ordezkariari, gonbidapena ez geniolako behar bezala eta garaiz helarazi", argitu dute.
Batzarra jendetsua izan zen, auzotar asko gerturatu baitzen eta langileek euren egoeraren berri eman zieten bertaratutakoei. Batzarraren ondotik, Amarozko Tolosaldea Buseko erabiltzaileek martxoaren 16an, 12:00etan, Tolosako udaletxean elkarretaratze bat egitea adostu dute.
Era berean, elkartasuna azaldu diete langileei eta zuzendaritzari "zentzuzko jarrera" hartzeko eta langileekin egiten eta negoziatzen hasteko eskatu diote. Baita kaleratutako langilea berriz ere hartzeko ere.
Olatz Peon Tolosako alkateari ere egin diote eskakizunik: "Berehalako bilera bat eskatzen diogu, batetik, gure kezka adierazteko eta, bestetik, enpresaren eta Foru Aldundiaren aurrean jarrera aktiboa eskatzeko. Tolosako Hiribus zerbitzuaren aurrean duen erantzukizuna bere gain hartzeko ere eskatzen diogu, eta beharrezkoa izanez gero, gure laguntza eskaintzen diogu".
Bukatzeko, sinadurak biltzen hasiko direla ere esan dute "bidaiarien garraio zerbitzu publikoa lehengoratzea" eskatzeko.