Tolosaldea Bus Greba

Tolosaldea Buseko langileek greba mugagabea hasiko dute astelehenean

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko mar. 9a, 12:50
Astelehenean Alduniaren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin zuten

Borrokaldia indartuko dute orain arteko greba mugagabe bihurtuz; enpresa hitzarmena berritzea eta kaleratutako lankidea berriz ere hartzea eskatzen dute. Martxoaren 22an, berriz, manifestazioa egingo dute Tolosan, 18:30etik aurrera.

Tolosaldea Buseko langileek greba mugagabea hasiko dute astelehenean. Urtarrilaren 8, 9 eta 10ean greba egin zuten, hilaren 27an borrokaldia indartzea erabaki zuten, eta astelehenean beste pauso bat emango dute.

Lan hitzarmena berritzea eskatzen dute, 2014tik ez baitute berritu, eta era horretara, euren lan baldintza «kaskarrak» hobetu nahi dituzte. Eskaera horri, dena den, beste bat gehitu diote, izan ere, enpresak lankide bat kaleratu duela salatu dute. 26 langilek osatzen zuten Tolosaldea Bus, baina 25 izango dira aurrerantzean. «Hiri buseko gidari bat kaleratu dute. Martxoaren 11n gauzatuko da kaleratzea. Langile hori lau urte daramatza Tolosaldea Busen eta errelebo kontratu bat egiten ari da. Errelebo kontratu hori martxoaren 11n bukatuko da, ordezkatzen ari den langilea egun horretan hartuko baitu erretiroa. Baina guk argi dugu langilea kaleratu dutela grebarekin bat egin duelako, hau da enpresak egoera hori baliatu du kaleratzeko», esan du ELAko Ana Alkortak.

«Egia da kontratu horrek iraungitze data zehatza zuela, baina argi dago ere, greba egin duelako kaleratu dutela. Postu hori kubritzeko norbait behar dute eta langile hori lau urtez aritu da enpresan, lanpostua ezagutzen du, herria ezagutzen du... ez du zentzurik pertsona hori kaleratzeak», gehitu du.

Kaleratutako lankidearen alde sinadura bilketa abiatu zuten, eta dagoeneko 500 sinadura lortu dituzte. Xirimiri txokolategian eta Trianguloko Brontxillon izango da sinatzeko aukera.

Horrez gain, salatu dute enpresako gerenteak ordezkari sindikalaren aurkako salaketa jarri duela Hernaniko Ertzaintzaren komisaldegian "bere enpresaren aurrean elkarretaratzea egiteagatik".

Lan baldintzak
Tolosaldea Buseko langileek lan baldintza eskasak dituztela nabarmendu dute; 1.800 lanorduko jarduna dute, jai egun eta gauetan lan egin behar dute, egunerokoan hainbat arrisku dituzte... Eta guztia hilean 1.300 euro inguru jasoz. «Lan baldintza oso kaskarrak dituzte, eta arrisku ugari izaten dituzte. Tolosaldean mendiko errepideetan ibiltzen dira 13 metroko autobusak gidatuz eta nabarmendu behar da jendea garraiatzen dutela, eta baldintza horietan lan eginda euren eta erabiltzaileen bizitzak arriskuan jartzen dituztela. Geldialdiak egiteko-eta oso ordutegi estua izaten dute, gainera», esan du Alkortak.

Lan baldintza kaskar horietan sartzen da ere autobusak debalde garbitzen dituztela. «Berez, Gipuzkoako Foru Aldundiak badu diru publikoko partida bat horretarako, 56.400 eurokoa urteko, baina ez dakigu diru hori non geratzen den, langileek ez baitute xentimorik ikusten», azaldu du Alkortak.

Lan hitzarmena
Egun indarrean duten hitzarmena 2014ean iraungi zen. Ordutik hitzarmen horren luzapen baten arabera ari dira lanean, hain justu, ekainaren 30a arte luzatu dutena. «Hitzarmenak ez ditu soldata igoerak eta ezer aurreikusten, noski, soldata oinarria aurreikusten du bakarrik», esan du.

Tolosaldea Buseko langileek jai egunetan eta gauetan ere egiten dute lan, halabeharrez, eta horren truke jasotzen dutena «miseria» bat dela esan du ELAko ordezkariak: 3 euro 36 zentimo.

Lan baldintza eskasak dituztelako hasi zuten greba eta herritarren babesa jasotzen ari direla dio Alkortak. Izan ere, egunero-egunero jendearekin egiten dute lan, harreman estua dute, eta herritarrek euren eskaerekin egin dute bat. Horren adierazle, jasotzen ari diren babes mezuak eta kaleratutako langilea berriz ere hartzeko abiarazitako sinadura bilketa. Behin sinadura guztiak bilduta Tolosako Udalera eramango dituzte. «Harrera ona izan du ekimen honek, eta argi dago zergatik; gidaria Hiribusaren gidaria da eta harreman zuzena du herritarrekin, lau urte dira eta erabiltzaileek ezagutzen dute. Langile hauek egunero-egunero ia jende berarekin ibiltzen dira lanean eta harremana sortzen da eta herritarrek euren haserrea ere helarazi digute».

 



Erakundeak
Bi dira afera honetan esku hartu beharko luketen erakunde publikoak: Tolosako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Bilerak eskatzen ari dira eta Tolosako Udalarekin hitz egin izan dute, baina gaur gaurkoz erantzun zehatzik ez dutela jaso esan dute. «Tolosako bi osoko bilkuran hartu dugu parte eta euren egoeraren berri eman dugu. Udaletxeari bitartekari lanak egiteko eskatu diogu eta Marisol Garmendia Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasun eta Lurralde Antolakuntza diputatuarekin ere eskatu dugu bilera, baina Tolosako Udalean argi esan digute diputatuak ez duela inongo asmorik gurekin biltzeko».

Orain arte Tolosako Udalarekin bakarrik lortu dute hitz egitea, baina ez da aurrera pausorik eman. «Enpresak ez du gurekin hitz egiteko asmorik azaldu eta ez dugu udalaren babesik ere, herritarren babesa dugu, baina ez udalarena. Olatz Peon alkateak esan diguna da enpresarekin hitz egingo duela, arazoa modu batera edo bestera konpondu behar duela esateko, baina ez dugu beste albisterik jaso zentzu horretan, eta enpresa ez da mugitu».

Tolosaldea Busek zerbitzu publikoak eskaintzen ditu eta beraz, greban gutxieneko zerbitzuak betetzen dituzte. Orain arte zerbitzu minimoak %30ekoak izaten ari dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!