Mattin Zeberioren 'Zortzi Yukon' filmak zabalduko du Mendi Tour, datorren astelehenean

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko mar. 6a, 12:46

Zortzigarrenez hartuko du, Leidor aretoak, Mendi Tour jaialdia; 2017ko Bilbao Mendi Film Festival-eko  Dirtbag: The legend or Fred Beckey film irabazlea ere ikusgai izango da.

Berezia izango da aurtengoa, eta ez arrazoi bakarragatik. Berezia izango da, Mattin Zeberio tolosarraren Zortzi Yukon filma Tolosan estreinatuko dutelako; joan den abenduko Bilbao Mendi Film Festivalen ondotik, bigarren proiekzioa izango da honakoa. Eta, berezia izango da, azken Bilbao Mendi Film Festival –2017koa–, inoizko onena izan delako, adituen arabera. Aurkezpen gutun horrekin, 2018ko Mendi Tour tentagarri iritsiko da Tolosara, eta grinaz hartuko dute, mendi eta zinema zaleek.

Leidor aretoan aurkeztu dute, datorren martxoaren 12, 13 eta 14an egitarauak emango duena. Horrela, azpimarratu dute Tolosakoa izan zela lehen Mendi Tour-a eta, orduz geroztik, Euskal Herriko hainbat herritarn errepikatzen dutela egitasmoa. Agerraldian izan dira Aitor Elduaien Mendi Tour-eko ordezkaria, Olatz Peon Tolosako alkatea, Josu Iztueta Zortzi Yukon filmeko sustatzailea eta Alex Areizaga Tolosako Udala Mendi Film Laburren Lehiaketako irabazlea.

Iaz, Mendi Tour-ek 1.500 pertsona erakarri zituen Leidor aretora, eta aurten ere filmak betekadaz betekada pasatzea espero dute antolatzaileek: "Ezinbesteko hitzordu bilakatu da, jada, Tolosan", azaldu du Olatz Peon alkateak. Pizgarri berezi bat izango du, gainera, 2018ko Mendi Tour-ek: Mattin Zeberio tolosarrak zuzendu, idatzi eta musikatutako filmaren emankizuna.

Josu Iztuetarekin eta beste sei pertsonarekin Yukon ibaira egindako mendi zeharkaldia bildu zuen, Zeberiok, film batean, zortzi bidaiarien begietatik: "Berezia da Mattinen bidea, filma egin eta gero joan delako Madrilera, zinema ikasketak egitera. Bidaian adin desberdintasuna nabaria zen, eta adinaren araberako zortzi begirada horiek bildu ditu, desberdinen arteko elkarbizitza islatuz; dena berak egin du", azaldu du Iztuetak. 2017ko Bilbao Mendi Film Festivalen (BMFF) euskarazko film onenaren saria eskuratu zuen lanak, eta tolosarraren lana Tolosan estreinakoz ikusteko aukera izango da, astelehenean.

Ohiko bidetik, Mendi Tour jaialdiak BMFFeko ale onenak bilduko ditu eta, horrenbestez, film sarituenak hartuko du astearteko egitarauaren zati bat: Dirtbag: The Legend of Fred Beckey. Aitor Elduaienek azpimarratu duenez, 2017ko urteko filmetako bat izan da, eta Fred Beckey AEBetako eskalatzaile onenetakoa du protagonista.

Bide beretik, Mountain ere ikusi ahal izango dute Leidorreko ikusleek. Epaimahaiaren saria jaso zuen Bilbon, eta superekoizpentzat jo dute antolatzaileek: "Zinemaldian estreinatu zuten eta, harrez geroztik, Bilbon baino ez dute proiektatu. Superekoizpen bat da, azken urteotako handienetakoa, eta benetan ikustekoa izango da, Leidorreko pantailan", dio Elduaienek.

Tolosako saritua ere bai

BMFFeko film azpimarragarrienekin batera, Tolosako Udala Mendi Film Laburren Lehiaketako lan irabazleaz ere gozatu ahal izango dute ikusleek. Alex Areizaga goierritarrak jaso du 600 euroko ordainsaria, Orain film laburra egiteagatik eta, aipatzekoa da, 2017ko BMFFeko Mendi Short film laburren lehiaketa ere irabazi zuela Areizaga, Fandango lanarekin.

"Maitasunaz eta minaz ari da Orain, eta gogoeta bat egiten du: iraganetik gatoz, baina etorkizunarekin amets egiten dugu. Aurrera egiteko indarrak ari da". Halaxe osatu du filmaren aurrerapena, Alex Areizaga zuzendariak. Gatiken ekoiztetxea sortu zuten, eta taldean lan egiten dute, euren arteko giroari lehentasuna eskainiz: "Gure lanetan goxotasuna transmititzen saiatzen gara, eta lagun artean lan egiten dugu horretarako. Uste dut, giro hori gero azken emaitzan nabaritu egiten dela".

Datorren astelehenetik asteazkenera, 19:30ean hasiko dira zine emankizun guztiak, eta sarrerak eskuragarri dira, jada, Leidor aretoko leihatilan. Guztira 9 film eskainiko dituzte, hiruna egun bakoitzean, eta 5 euro ordaindu beharko da eguneroko sarrera. Aipatzekoa da, filmen aurkezpen guztiek zeinu hizkuntzan interpretea izango dutela, eta filmak jatorrizko bertsioak eskainiko dituztela, azpi-idatziekin, betiko moduan.

MENDI TOUR 2018, egitaraua

MARTXOAK 12, ASTELEHENA

Aurrera

Mikel Peñaren filma, euskaraz. Irene Sarrionandia mendi korrikalari beteranoari buruzko ikus-entzunezkoa.

Mama

Epaimahaiaren sari berezia jaso zuen BMFFen. Film poloniarra.

Zortzi Yukon

Mattin Zeberio tolosarraren filma. Euskarazko lan onenaren saria jaso zuen BMFFen.

MARTXOAK 13, ASTEARTEA

Orain

Tolosako Udala Mendi Film Laburren Lehiaketako film irabazlea. Alex Areizaga goierritarrak zuzendutako film laburra.

The time within

Ben Sturgulewskik zuzendutako filma, eskia eta Tokio hizpide dituena. 

Dirtbag: The legend of Fred Beckey

2017ko BMFFeko film sarituena. AEBetako eskalatzaile onenetariko bati omenaldia. 93 urtera arte eskalatzen jarraitu zuen, eta iaz zendu zen, 94 urterekin.

MARTXOAK 14, ASTEAZKENA

Song for the nomad

Eskiari buruzko film laburra.

The frozen road

Bizikleta-bidaiei buruzko filma. Neguan Kanada bakarrik zeharkatu zuen, bakarrik, Ben Page zuzendariak. BMFFen zuzendari onenaren saria jaso zuen.

Mountain

Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten film australiarra. Aspaldiko ekoizpen handienetakoa. BMFFen epaimahaiaren sari berezia jaso zuen, eta ez ditu plaza asko izan: Tolosaren aurretik, Donostian eta Bilbon baino ez dute eskaini.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!