«Pozgarriago zait dokumentala Leidorren erakustea, Bilbon baino»

Iñigo Otaegi 2017ko abe. 20a, 07:51

19 urte eta ikus-entzunezko munduan sortzen duenak saria ekarri dio Mattin Zeberio ikus-entzunezko sortzaile tolosarrari. Azkena, 'Zortzi Yukon' dokumentalarekin eskuratu du, euskarazko film onenaren saria.

Larunbatez, Bilbao Mendi Film Jaialdiko ikus-entzuleak liluratu zituen Mattin Zeberiok (Tolosa, 1999), Zortzi Yukon izeneko dokumentalarekin. 19 urterekin soilik, euskarazko film onenaren saria erdietsi zuen, orain ehun urteko Ipar Amerikako urre sukarra gogora ekarrita. Ikus-entzunezkoa estreinatu berritan, oraino asimilatzeke, TOLOSALDEKO ATARIA-ren galderak erantzun ditu.

Hobeto hasi zitekeen 'Zortzi Yukon' lanaren ibilia?

Ez dut uste. Pozarren nago, ikus-entzuleen erreakzioagatik, eta nola ez, euskarazko film onenaren sariagatik. Ea gerora, beste lanen batekin, horrelako jaialdi puska batean egoteko abagunerik dudan.

Nolatan hautatu zenuen Bilbo?

Gertuen geratzen zaidan jaialdia da, eta erreferenteetako bat izan da, betidanik. Lanak Tolosan proiektatu izan direnean, sarritan joan izan naiz ikustera. Aretoa ikus-entzulez lepo zegoen.


Azaldu 'Zortzi Yukon' lanaren tripak.

Istorioaren muina, orain ehun urte izandako urre sukarraren mugimendua da. 1896an, San Francisco eta Seatle aldetik, milaka norbanako etorri ziren urre bila. Ia 800 kilometro gurutzatu zituzten ibaitik barna, eta hain justu, guk bide antzekotsua egin genuen. Skagway herritik hasi, Chilkoot Pass zeharkatu eta Benneteraino ailegatu ginen lehenik. Ostean, Whitehorsera bidean trena hartu genuen (barreak). Azkenik, Dawson Cityrainoko bidea, Yukon ibaitik kanoaz egin genuen.

Dokumentalak bi zati nagusi ditu, mendikoa eta ibaikoa. Gaur egungo baliabideekin, aski ondo moldatu gara lurrean eta uretan; alabaina, ehun urte atzera eginda, 100.000 pertsona abiatu, eta 30.000 iritsi ziren zeharkatzera. Dokumentalean jasotzen dira, tenore haietakoa aztarnak edota igarotako oztopoak. Edozein ibai bazterretik oinez pasa, eta topatu zenitzakeen latak, iltzeak edo mailuak; 100 urte bertan, mugitu ere egin gabe. Xarma handiko tokiak dira, zinez isilak eta baketsuak.

Beste zazpi lagunek pisu handia dute dokumentalean.

Noski. 16-64 urte bitarteko zortzi kide bildu ginen, hiru emakume eta bost gizon. Osaba eta lehengusua ere tartean izan ziren, esaterako. Eskerrak Josu Iztuetari, bera izan baitzen proiektu hau irudiz grabatu nezan proposatu zidana. Bertan lehenago izandakoa zen, eta bazuen gogoa itzultzeko. Iazko udan joan ginen, eta hilabete oso bat igaro genuen elkarrekin.

Mendi Film Jaialdian kategoria handiko filmak proiektatzen dira. 'Zortzi Yukon' zertan da diferentea?

Ondo hausnartuta eraman nuen gure dokumentalak nolakoa behar zuen izan. Desafio zailei egin genien aurre, baina, ez dauka zer ikusirik, Bilbon izaten diren pelikulek kontatzen dituzten espedizioekin. Orduan, freskotasuna ematen ahalegindu nintzen, eta plano subjektiboekin dago egituratuta, ikus-entzulea istorioan sartu dadin. Bakoitzak bere erara bizi izan zuen Yukongo hilabetea, arrazoi horrengatik deitzen da Zortzi Yukon, zortzi bidaia ezberdin. Denenak ezin nituen kontatu, eta neurea transmititzen ahalegindu naiz.

Zinemako produkzioetan, lan talde zabala egon ohi da atzetik. Ardura guzti horiek zure gain hartu dituzu.

Informazioari dagokionean, Josu Iztuetak ikaragarri lagundu nau, hasi eta buka. Beste adibide bat aipatzekotan, Andu [Martinez de Rituerto] osabak eta Eunate [Martinez de Rituerto] lehengusuak, azpitituluak zuzen demonio idatzi dituzte. Gainerako lan gogorrenak - gidoia, grabazio nagusia eta gehigarria, edizioa, musika, kolorea eta grafismoa - nik egin ditut, bai. Saiatu naiz, elementu guztien koktela istorioarentzako onuragarri izan dadin lortzen.

Zuzendari kuttunen teknikak aintzat hartuko zenituen.

Ez pentsa. Zinemagileen lanak baino, youtuber esanguratsuenak izan ditut kontuan. Finean, sortzaile oso interesgarriak dabiltza sarean; akaso kutsu amateurragoa zuten hasieran, baina, orain beraien estilo propioa dute. Zenbaitzuk ikus-entzunezko hizkuntza berri bat sortzen ari dira. Estiloz eta mentalitatez, hurbilago nabil askoz youtuberrengandik, zinema zuzendariengandik baino.

Bilbokoa eta gero, etorriko dira gehiago, ala?

Hainbeste alditan ikusi dut, jada ez dakidala ona edo txarra den (barreak). Ea zer nolako bidea egiten dugun; zerrendatuta dauzkat makina bat jaialdi, lan honentzat aproposak izan daitezkeenak.

Jaialdi baten pareko ez dakit, baina, Leidorren ikusgai izateak ilusio handia egingo lizuke.

Bai. Ingurukoei maiz esan izan diet, pozgarriago zaidala dokumentala Leidorren erakustea, Bilbon baino.

Senide andana musikari hertsiki lotuta dago; zuk, irudia nahiago.

Bideogintzak gehiago harrapatu nau, antza. Dena den, dokumentaleko musika neronek egin dut, eta oso gustura aritu naiz alor horretan ere.

Lehendabiziko hartu-emana bideogintzarekin, eta irabazle suertatu zinen.

2015ean, Elhuyarren On-Zientzia bideo lehiaketara aurkeztu nintzen, Oroimena izeneko lanarekin. Hortik lau hilabetera, Euskaraz Bizi Nahi Dut film labur lehiaketako amateur saria ere erdietsi nuen, Nire eguneroko hautua laburra zela eta. Bi lehiaketetan poltsikoratutako dirua baliatu dut, ikus-entzunezkoen ekipamendua aberasteko; ordutik, proiektu diferenteak egiten aritu naiz.

Liburuen berri ematen ere jardun zara kamera aurrean.

Galtzagorri Elkarteak, lehendabiziko Booktuber txapelketa antolatu zuen, Euskal Herri mailan. Ez naiz inoiz booktuber izan, baina, pare bat bideo eta spot-a grabatu nituen, egitasmoa promozionatzeko. Gerora, herrietatik hitzaldiak gazteei ematen aritu nintzen, ikus zezaten ideia bat aski dela bideo eder bat egiteko.

Booktuber eta Youtuber gisako fenomenoak, ikus-entzunezkoen ohiturak errotik aldatzen ari dira.

Hala da. Youtube asko kontsumitu izan dut, eta izugarria da bost urtez izan duen bilakaera. Lehen, orain dauden kanal asko oso amateur gisa aritzen ziren; egun, kalitatea asko igo da. Produkzio indartsuak sartzen ari dira, eta makina bat jenderentzat diru-iturri bihurtu da. Telebista eta beste euskarrien konpetentzia sendo bilakatu da. Pentsa, orain, haurrek youtuber izan nahi dute.

Euskal Herrian apenas dago zinema industriarik. Halere, askok diote loraldi moduko bat izaten ari dela.

Muga linguistikoak tarteko, oso pelikula gutxi egiten dira euskaraz, eta zaila dago zinemagintzan lan egitea. Kimuak izan daiteke salbuespena, baina, zinemagile kontsakratuak ageri dira zerrendetan. Alabaina, pozgarria da oso LoreakAmama eta Handia gisako produkzioek nazioartean sortu dituzten kritika onak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!