«Gogorra» da obra, bakarrizketetako bat antzezten duen Garciaren esanetan, «baina ez genion kutsu hori kendu nahi, errealitatea ere gogorra delako, tamalez». Hilda dauden hiru emakume dira protagonista eta hil ostean kontatzen diote publikoari nola bizi izan duten indarkeria. Sanzek jokatzen duen pertsonaia bere bikotekideak hil zuen; Peñak jokatzen duen emakumea arrazoi naturalengatik hil zen eta bere hilbeilan kontatzen dio jendeari ondoan duen senarrak zein tratu eman dion; Garciaren pertsonaiak berriz bere buruaz beste egin zuen, bortxatu ondorengo presio soziala jasan ezinda.
Hiru aktoreek errespetutik egin nahi izan dute lan. Kontatzen ari direna «sinesgarri» egin nahi izan dute, jakitun direlako publikoan indarkeria jasan duten emakumeak egon daitezkeela. Garciak esan duenez, bere pertsonaia «haserretik» egiteko joera izan zuen hasiera batean, baina Aranbarriren laguntzarekin, jakin du lana bideratzen. «Oso sotila da interpretazioa eta kontu handiz egin nahi izan dugu. Hitzei sentimendua erantsiz, hitz bakoitzari aurpegi bat eta mugimendu bat lotuz».
Aldi berean, sinplea da eszenografia, testua baita garrantzitsua Evaren alabak antzerki lanean. Tolosan, aurreko azaroaren 25ean obra estreinatu zutenean Aranburu jauregiaren kanpoaldean eskaini zuten: bi bakarrizketa kalean eta bat jauregi barruan. Kriseilu baten laguntzaz, bakarrizketaz bakarrizketa bideratu zuten publikoa. «Jendearekiko gertutasunak indarra ematen dio antzezlanari, indarkeri matxistaren gaiak, modu batera, denok ukitzen baikaitu. Deserosotasun hori ere nabari da lan honetan», dio Garciak.
Indarkeria matxistaren aurkako egunean hiru alditan eskaini zuten Evaren alabak antzezlana, baina lau aktoreak prest daude herriz herri ibiltzeko. 30 ikuslez osatutako taldeen aurrean emateko prest daude eta hitzordu berriak badauzkate dagoeneko: Ormaiztegin ariko dira martxoaren 11n, 18:30ean eta Altzon, martxoaren 16an, 20:00etan. Martxoaren 8aren inguruko ekitaldien bueltan eskainiko dute obra, baina antzezleek gogoratzen dutenez, «indarkeria matxista eguneroko kontua da». Beraz, urtean zehar obra hau eskaintzeko prest daude. Harremanetarako: evarenalabak@gmail.com.
«Pixkanaka zuk zeuk dituzun mugak gainditzen laguntzen dizu tailerrak»
Marta Garcia Odriozola
Antzerki Tailerreko ikaslea
Seigarren ikasturtea du 28 urteko tolosarrak tailerrean eta antzerkian bere tokia topatu duela uste du. Evaren alabak antzezlanean parte hartzen du bakarrizketetako bat eginez.
Nolatan eman zenuen izena antzerki tailerrean?
Txikia nintzela eskolan egiten nuen antzerkia eta Samaniegon Elena izan nuen irakasle. DBH eta Batxilergoan ez nuen aukerarik izan eta Gasteizein ikasten ari nintzela, azken urtean, talde baten bila hasi nintzen eta kultur etxekoa topatu nuen. Zer zen probatzeko eman nuen izena eta sei urte pasa dira. Egin nahi nuena zela konturatu nintzen, ez nuen zalantzarik eduki.
Zer ikasi duzu urte hauetan guztietan antzerki tailerrean?
Nik inprobisatzen disfrutatzen dut gehiena, gutxiena kostatzen zaidana da. Gorputz espresioa berriz zailagoa egiten zait, horretan txarra naiz. Hitzekin adierazi ezin dudanean, ez naiz eroso sentitzen. Pixkanaka muga horiek gainditzen laguntzen dizu tailerrak. Muga horietako batzuk guk geure buruari jartzen dizkiogu eta beste batzuk gizarteak jartzen dizkigu. Sentitzen dugu antzerki tailerra mugarik gabeko espazio bat bezala, non askatasuna dugun gure egunerokotasunetik aparteko pertsona baten larruan sartzeko.
Talde lan handia dago atzetik?
Badira tailerrean 20 urte daramatzatenak eta beste batzuk hasi berriak direnak. Barregarri gelditzeari beldurra diozu hasieran eta besteen laguntza inportantea da. Elenak berak ere taldea asko zaintzen du eta hori eskertzekoa da.
Oso rol diferenteak antzeztu dituzu urteotan?
Denetarik egitea egokitu zait. Lehen urtean Dias de verano delakoan parte hartu nuen eta bi esketxetan agertu nintzen. Tailerraren 25. urteurrenean, gure atzeko lana erakusten zuen obra prestatu zuen Elenak. Egia da, puntu kritiko bat izaten dutela antzezten ditugun lanek. Niri pertsonalki hori gustatzen zait, inguruan ditugun gatazken inguruan ere hitz egin behar duelako artistak. Gurean beti dago pertsonaiaren bat Tolosa bertakoa dena.
‘Evaren alabak’ lanean ere hartzen duzu parte.
Bai, Elenak ideia komentatu zidan eta parte hartzeko gonbita luzatu zidan. Baiezkoa erantzun nion, ideia gustatzen zitzaidalako.
Segiko duzu zuk tailerrean?
Nik ez dut sentitzen bidea agortu zaidanik. Urtero Elenak arlo ezberdinak lantzen ditu, berrikuntza handia dago eta zeure burua hobetzeko parada ematen dizu.