Eta orain liderraren bila!

Mikel Iraola 2018ko otsailaren 28a

Garaipen garrantzisua lortu du Tolosa Eskubaloiak Uharteren aurka, markagailua irauli eta gero: 27-23. Hurrengo jardunaldian liderra jasoko du Usabalen.

Gauzak maldan gora jarri zitzaizkion Tolosa Eskubaloiari neurketaren hasieratik. Lau goleko errenta izatera iritsi ziren nafarrak. 1-5, 5-9, edo 7-11 lehen zatia amaitzeko zazpi minuturen faltan.

Azken minutu horiek, ordea, tolosarrenak izan ziren. Goitik behera. Bost minutuan berdinketa lortu zuten: tartean, Kepa Letamendik hiru gol egin zituen. Atsedenaldira, ordea, 11-12ko emaitzarekin iritsi ziren.

Bigarren zatia oso parekatua izan zen: batak zein besteak gol bakarreko errenta baino ez zuen lortzen. Azken berdinketa bigarren zatiko 25. minutukoa izan zen: 23-23.

Hortik aurrera, Tolosa Eskubaloiak erakustaldia eman zuen. Defentsa lanean bikain aritu ziren, eta nafarrek ez zuten gol gehiago sartzerik izan. Aldiz, urdinek lau gol gehiago egin zituzten, Kepa Letamendi beraren, Ander Urangaren eta Iker Ortizen (2) eskutik. Amaieran, 27-23.

Hurrengo larunbatean, berriro ere Usabalen jokatuko du Alex Noguesen taldeak. Liderra jasoko du. Garrantzia handiko partida, beraz, tolosarrentzat. Lehen bi postuen artean amaitzea dute helburu, eta une honetan hirugarren dira. Partida bakarrera du bigarren sailkatua, Anaitasuna.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!