Lau tolosar Pyeongchangen

Iñigo Asensio 2018ko ots. 28a, 14:58

Imanol Rojorekin batera, arrazoi desberdinak medio, lau tolosar izan gara Olinpiar Jokoetan lanerako akreditatuak. Imanol bera kirolari gisa, Joseba Rojo teknikari lanetan, Iñaki Arratibel federazioko mediku modura eta ni neu kazetari.

Txantxa ugari entzun behar izan ditugu hainbat lankide edota federazioko kideen eskutik. Lau kirolari euskaldun lehian izateak bataz-bestekoa guztiz hausten bazuen, tolosarrak ere askotxo izan gara, guztira jokoen inguruan dozena bat inguru euskaldun ginela aintzat hartzen badugu.

Iñaki Arratibel pozik da oso esperientziarekin. Lehen jokoak izan dira harentzat talde bateko mediku lanetan. «1992an Bartzelonako Olinpiar Jokoetan izan nintzen, baina ez talde bateko sendagile lanetan, antolakuntzarentzat baizik. Medikuak behar zituzten hango instalakuntzetarako eta han izan nintzen, baina Hego Koreako esperientzia lehena izan da talde batekin lanean», dio Arratibelek. Tolosarra Imanol Rojoren medikua izaki, iraupen eskiko federazioarekin hasi zen lanean Rojoren beste hainbat taldekiderekin, eta handik suertatu zen Espainiako talde guztiaren mediku modura Hego Koreara joateko aukera. «Esperientzia oso aberasgarria izan da. Lasaia era berean. Ni kirolari guztientzat banetorren ere, ez da arazo berezirik izan, eta iraupen eskiko ordezkariekin lana gertutik egiteko aukera izan dut. Imanolentzat emaitzak ere onak izan dira, eta egia esan mundu honetan gabiltzanontzako Olinpiar Joko batzuetan lan egitea oso pozgarria da», dio Arratibelek.

Joseba Rojoren lana Imanolekin eta bere taldekide Martí Vigorekin izan da. Iraupen eskiko bi kirolarien argizariak probatu, eskiak aukeratu, materialak egokitu... Taldekako frogaren egunean atsedenik gabe ari zen lanean, erreleboa ematen zuten gunearen alboan selekzio guztiek zuten eremu teknikoan. «Hiru minutuko lana da, Imanol eta Martík bata bestearen lekukoa hartzen dute, eta bi minutu inguru ditugu eskiak kendu eta argizaria aldatu edo txukuntzeko. Modu eta produktu ezberdinak erabili ditugu, erlojuaren aurkako lanean, baina ondo atera da. Nahiz eta eguraldiak egonkorra dirudien, elurra desberdina da egunero, eta tenperaturak, erabili ditugun produktuak, erabat aldatu dira. Azken ordutan eskiak bi minutu horietan ahalik eta ondoen uzteko modua frogatu dugu, eta emaitza ona izan da», azpimarratu zuen Joseba Rojok taldeko lehiaren ostean.

Joseba ere pozik da jokoetan bizitako esperientziarekin. «Hau da nahi genuena, biok jokoetan egotea eta esperientzia zoragarria izan da. Uneoro gozatzen saiatu gara, une askotan elkarrekin izan gara pistan, elkarlanean... Ni ahal dudan guztia laguntzen saiatu naiz eta egia esan pozik goaz etxera», dio Josebak.

Gure lana berriz, Rioko Jokoen moduan, bertan gertatzen zena kontatzea izan da, eta baita kirolarien lehiaketarekin gozatzea. Alpensiako pistetan Imanol Rojoren azken lasterketaren ostean bildu ginen Rojotarrak, Arratibel eta laurok; tolosar giroan agurtu genuen Pyeonghang.

Erlazionatuak

Laugarrenean aidanez Imanol Rojo

Iñigo Asensio 2018 ots 28 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!