Laugarrenean aidanez Imanol Rojo

Iñigo Asensio 2018ko ots. 28a, 15:00

Ezin agur gozoagoa eman die Imanol Rojok neguko jokoei. Kirolari gutxik esan dezakete Olinpiar Joko hauetan lau lehiaketetan borrokatu dutenik. Iraupen eskia bezalako kirol batean lehiatuz, Pyeongchang 2018ko jokoak gogorrak izan dira zinez Rojorentzat. Tolosarrak 50 kilometrotako azken lehiaketan lorturiko emaitza onarekin agurtu du Hego Korea. Euskal ordezkarien artean berea izan da lanik aipagarriena.

Ingurune berezia da Pyeonghcangekoa. Egiari zor, ezin esan daiteke jokoak Pyeonghangen jokatu direnik. Edo ez Pyeongchangen bakarrik behintzat. Hego Koreako ipar-ekialdean kokaturiko Taebaek mendien inguruko eskualdean, Olinpiar Joko hauetako lehiaketak hamaika ingurutan kokatu dira. Pyeonghcang hiriaz harago, Jinbuk eta ekialdeko kostako Gangneung hiriek ere artatu dituzte Hego Korean lehiatu diren ia 3.000 kirolariak.

Asiar herrialde honetan, ikaragarria da Seulen inguruan den populazio kontzentrazioa. Herrialdeak dituen 50 milioi biztanletatik, erdia hiriburuan bizi da. Pyeonghcango eskualde osoak berriz 40.000 biztanle baino ez ditu, ia Tolosaldeak adina. Non kokatu 3.000 kirolari horiekin datozen lantaldeak? Eta non hemen lanean izan garen 14.000 kazetariak? Gure kasuan, eta ez ginen bakarrak, Seoulen geratzea egokitu zitzaigun. Egunero trenez bizpahiru orduko bidea egiten genuen olinpiar instalazioetara, eta beste hainbeste hirira bueltan. Hego Koreak jokoetarako sortu duen tren ibilbidean barrena, milaka pertsona mugitu dira egunero jokoetara. Hantxe topatu genituen Imanol Rojoren gurasoak. Bi semeak Olinpiar Jokoetan izanda ezin etxean geratu, eta Inauteriak atzean utzita, Hego Korean ziren Imanolen lehen lehiaketak ikusteko «urduri eta ilusioz gainezka».

Joseba Rojoren lana, besteak beste, materiala aukeratzen izan da.

Ordurako eskiatzaile tolosarrak egunak zeramatzan Hego Korean. Lehen lehiaketaren bezperan izan ginen berarekin. Inoiz lehiaketarako egin duen ordu aldaketarik handiena izan da hau; zortzi ordukoa da Korearen aldea Euskal Herriarekin. Gustoko lasterketa zuen aurretik, bi estiloak, klasikoa eta skatinga uztartzen dituen eskiatloia. Imanol ondo sentitu zen lasterketan, baina ez zuten materialarekin asmatu eta maldan gora irabazten zuena galtzen zuen maldan behera. Horrek lan egiten jarraitzera behartu zituen, etengabe, Alpensiako eski instalazioetako elurrera ondoen egokitzen ziren argizariak aurkitzeko. Olinpiar Jokoetan lehiatu diren lau kirolari euskaldunetatik hiru Felipe Montoya izotzean aritu baitzen- kezkatuta zeuden bertako elurrarekin. Juan Del Campo mungiarra eta Lucas Egibar donostiarrak ere nahikoa buruhauste izan zituzten elurraren berezitasunei egokitzeko. Eta han zen Joseba Rojo, bere anaiaren teknikari lanetan egoera konpondu nahiean. «Elurraren berezitasun nagusia da oso aldakorra dela. Ezin izan dugu behin materiala egokitu eta horrekin lasai egon, izan ere egunero desberdina zen», kontatu zigun Josebak taldekako lehiaketaren ostean. Izatez, orduan hasi zen Imanol ere gustora sentitzen. 15 kilometroko estilo libreko lasterketaren aurretik, jokoetan egin duen bigarrena, materiala ondo egokitzea lortu zuten, baina Imanol berak ez zuen bere onena ematea lortu. «Egun txarra izan dugula onartu beharko da, baina gaurkoan, lehengoan ez bezala, materialarekin asmatzea lortu dugu; zoritxarrez ni ez nengoen hain ondo», aipatu zigun tolosarrak lasterketa amaitu orduko.

Iñaki Arratibel federazioko mediku gisa egon da Hego Korean.

Horregatik taldekako lasterketa hark garrantzia berezia zuen, teknikoki Koreako mendien baldintzetara egokituta, fisikoki sentsazioak berreskuratzea zen helburua, taldekako lasterketaren ostean 50 kilometroko estilo klasikokoa lehia baitzetorren.

Martí Vigo del Arco kataluniarrarekin batera lehiatu zen Imanol Rojo. 1,4 kilometroko ibilbidean aritu behar zuten. Agian ez zen hain egokia iraupeneko froga luzeagoetara hobe egokitzen den eskiatzaile batentzat. Egia da, baina, ibilbide maldatsua zela, eta fondista batek baino gehiagok ekin ziotela lehiari. Bost bider eman zioten lekukoa elkarri, guztira sei itzuli burutzeko. 19. lekuan amaitu zuten taldekako lasterketa eta sentsazio onak berreskuratuta, Imanolek buruan zuen lasterketa amaitu orduko geratzen zitzaion azken 50 kilometrotako proba hura; bere lasterketa kuttuna.

AMETSAK BETEZ

Rojo anaiek askotan aipatu dute eurentzat zein garrantzitsua zen jokoetara elkarrekin joatea. Amestu eta bete. Imanolentzat garrantzia itzela izan du bere anaia alboan izateak. Umetatik honen atzetik egin zuen bidea iraupen eskian, eta azkenaldian teknikari lanetan izan du alboan. Nabarmena zen azken lehiaketaren aurretik biak gustora zeudela egiten ari ziren lanarekin. Jokoak luzeak eta gogorrak izan dira eurentzat beste kirolari askorekin alderatuz gero. Imanolen lehen lehiaketa otsailaren 11an izan zen, eta azkena berriz hilaren 24an. Ia bi astetan mantendu behar izan du konzentrazioa, lehiketa batetik bestera errekuperazio lana egin, elikadura zaindu... Eta azken lehiaketarako gogo biziz ikus zitekeen tolosarra. 35. tokian amaitu zuen, bera baino indartsuagoak izan behar luketen hainbat eskiatzaile atzean utzita, eta Olinpiar Jokoetako azken lehia hortaz gozatuz. Poza nabari zen lasterketa ostean, baita nekea ere. 50 kilometroen ostean indar guztiak elur gainean utzita iritsi baitzen Imanol. Iñaki Arratibel medikua zain helmugan, arroz potea eskuan jan zezan. Imanolek goserik ez. Laster piztu zitzaion.

Pyeongchango jokoak bigarrenak izan dira Imanol Rojorentzat. Sotxin (Errusia) izan zen estreinakoz olinpiar lehian. Orduan 23 urte zituen, orain 27. Kirolari helduagoa da, eta urtetan eskarmentua pilatzen joan dena. Zalantzarik gabe «balorazioa Sotxikoa baina hobea» dela dio Pyeongchangengatik galdetzean. «Agian ez froga guztietan, baina orokorrean nire balorazioa positiboagoa da». Tolosarrak ez du atsedenarako astirik izango, izan ere ia hamar lehiaketa geratzen zaizkio denboraldia amaitzeko, tartean Munduko eta Europako Kopak. Sasoi unea baliatu eta 2018. denboraldia borobiltzea du orain helburu.

 

BAKEAREN JOKOAK

Etengabe hitz egin da Olinpiar Jokoetan Ipar Korearen eta Hego Korearen arteko harremanaz. Irekiera ekitaldian Mike Perce Ameriketako Estatu Batuetako presidenteordearen eta Kim Yo-jong Ipar Koreako liderraren arrebaren arteko talka nabarmendu bazen, itxiera ekitaldian Ivanka Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen alaba eta Kim Yong-chol Ipar Koreako generalen artekoa izan da mintzagai. Ordezkari hauen jarreratik harago, badira Seulen jarrantzitsu jotzen dituzten hainbat errealitate. Yo-jong anderearen presentzia bera esanguratsua da askoren ustez. Eskuin alderdiek Yong-chol generalaren presentzia gaitzetsi dute, baina Ipar Koreako programa nuklearraren buru den neurrian, honen inguruko negoziaketarako bitartekaria izan daitekela uste dute askok. Harremanen joko horretan berebiziko garrantzia du Moon Jae-in Hego Koreako presidenteak berak. Korronte sozioliberaleko politikaria da azken urtetan Hego Koreako gizartearen onarpen nabarmenena lortu duena. Bere jarrera, oldarkor eta mehatxari izatetik urrun, benetan egokia da analisten ustez Kim Jong-un eta Donald Trump bezalako bi ordezkarien arteko zalapartaren erdian. Ipar Korearen eta Hego Korearen arteko unifikazioak oraindik ere lan nekeza badirudi ere, baliteke bi administrazioen arteko giro lasaiago hau jokoetara ez mugatzea, eta agian etorkizunean normalizazio pauso berriak ikus genitzake. Jokoek izotza urtu dutela aipatu dute askok, ea ba olinpiartasunak baduen eraginik kiroletik harago.

Erlazionatuak

Lau tolosar Pyeongchangen

Iñigo Asensio 2018 ots 28 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!