Forges marrazkilariak Tolosan utzitako ondarea

Mikel Iraola 2018ko otsailaren 28a

Antonio Fraguas de Pablo Forges irudigile ezagunak lotura estua zuen Tolosarekin, Naturaldia jardunaldiak tarteko. Herriarekin zerikusia duten lanak utzi ditu.

Otsailaren 22an zendu zen Forges marrazkilaria, gaixotasun luze baten ondoren. Irudigintzan ibilbide luzea egin zuen: Pueblo egunkarian publikatu zuen bere lehen bineta, 1964. urtean, eta, gerora, Informaciones, Diario 16 eta El Mundo egunkarietan argitaratu zituen. Azken 23 urteotan, berriz, El País egunkarian zinta bat atera zuen, egunero-egunero.

Naturaldia –garai bateko Zumardi– jardunaldiek lotu zituzten Tolosa eta Forges. «Tolosa gustuko zuen, maitasun berezia zion», dio Shole Martin, ingurumen jardunaldien sortzaileak. Bizpahiru urtetan egin zuen bisita Naturaldiaren bueltan, eta beste urte luzez kolaboratzaile izan da. Besteak beste, kartel ugari egin izan ditu.

2006. urtean parte hartu zuen lehenengoz, Joaquin Araujok proposatuta, eta Marraztutako hitzaldia generoa sortu zuten. «Ikusgarria eta dibertigarria» izan zela ongi gogoan du Martinek. Hirigintzaz eta iraunkortasunaz jardun zuen Araujok, 'El ambiente siempre está en medio' lelopean, eta hark esandakoa marrazten zuen Forgesek, zuzenean. Gerora beste leku askotan erabili izan da teknika hori. 2014an berriro ere bildu ziren Donostiako Aquariumean, Miguel Delibesekin batera, jardunaldien aitzakian.

Tolosara etorri zen bakoitzean, Naturaldiako parte hartzaileekin ohitura den moduan, elkarteetan afaldu zuen, eta esker gisa marrazkiak egin zizkien Ero-Etxe, Kasino, Aiz-Orratz, Kabi Alai eta Gure Kaiolari. «Pertsona aparta zen, bihotz onekoa eta umila. Elkarteei oparitutako marrazkietan, adibidez, nire sinadura ere jarri zuen. Horrek erakusten du bere eskuzabaltasuna», dio Martinek, hunkituta. Forgesek egindako lanek arrastoa utziko dute, beraz, Tolosan egindako lagunengan. Baita herrian bertan ere.

Galeria: Forgesen marrazkiak Tolosan, Naturaldiako kartelak...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!